Hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilari Begoña Alfarok Etxebizitza sektoreak gaur Madrilen egin duen batzarrean defendatu du etxebizitzaren arloko Europako etorkizuneko funtsetan, Dan Jorgensen EBko Energia eta Etxebizitza komisarioak iragarri baititu, “pisu handiagoa ematea alokairu eskuragarri eta sozialerako etxebizitzen sustapenari eta eraikuntzari, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoen aldean, azken horien %80 eraikinak birgaitzeko erabili baitziren, efizientzia energetikoa hobetzeko helburuarekin”.
Ildo horretan, Alfarok gogorarazi du Nafarroak 80 milioi euro bideratuko dituela etxejabeen komunitateentzako dirulaguntzetara, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) esparruan, “alokairuko etxebizitza sustatzeko iritsi diren 14 milioi euroen aldean. Espero dezagun, erantsi du kontseilariak, Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak ezarriko dituen banaketa irizpide berrietan aintzat hartzea etxebizitzen parke publikoa handitzeak duen garrantzia, eta kontuan hartzea, orobat, sozietate publiko sendoak (Nasuvinsa, esaterako) eta ekosistema finkatu oso bat ditugun erkidegoon kudeaketa eta exekuzio gaitasuna”.
“Gainera, lehendakariordeak gaineratu duenez, gure kasuan, alokairuko etxebizitza publikoen sustapenaren lehentasuna are eta bidezkoagoa da, izan ere, joan den ekainaz geroztik, Nafarroan bikoiztu egin ditugu efizientzia energetikoa hobetzea helburu duten zaharberritze lanetarako laguntzak, eta, beraz, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik kanpo geratu ziren etxejabe komunitate gehienek azkenean obrak eginen dituzte, Nafarroako Gobernuaren laguntzekin”.