Migrazioari buruzko eztabaida publikoa albiste sentsazionalistek eta adierazpen emozional eta polarizatzaileek bultzatzen dute. Hortaz, zaila izan daiteke iritziak, gertaerak eta nahita egindako manipulazioa bereiztea. Jarraian emanen ditugun datuek EBko migrazioari eta migrazio-politikari buruzko eztabaida orekatuagoa sortzen lagun dezakete.

  1. datua: Europarrek etorkinek biztanleriari begira duten proportzioa gehiegi balioesten dute

Europarrek beren gizartean benetan daudenak baino migratzaile gehiago daudela pentsatzeko joera dute. Migratzaileen integrazioari buruzko azken Eurobarometroaren arabera (2022), inkestatuen % 68k migratzaileek biztanlerian duten benetako proportzioa gehiegi balioetsi zuten. Zifra aldatu egiten da EBko estatu kideen artean, baina, batez beste, europarrek beren herrialdeko biztanleriaren % 16 Europar Batasunetik kanpoko herritarrak direla uste dute, baina benetako proportzioa % 7tik beherakoa da. 2025eko udaberriko Eurobarometro Estandarrak ere erakutsi zuen, hainbat urtetan europarren kezka nagusietako bat izan ondoren, immigrazioa laugarren postura jaitsi dela.

Testuinguruan jartzeko, EBko biztanleen % 93 baino gehiago EBko herritarrak dira. Eurostaten azken datuen arabera, 2024an, EBn bizi ziren 29 milioi pertsona Europar Batasunetik kanpoko herritarrak ziren, hau da, EBko biztanleria osoaren % 6,4. Kopuru horrek gora egin zuen 2019an 21 milioi zirela aintzat hartuta (% 5), baina biztanleria osoari begirako ehunekoa nahiko txikia da oraindik. Maltak (% 23,6) eta Luxenburgok (% 18,1) dituzte ehuneko handienak; Eslovakiak (% 1,1), Poloniak (% 1,9) eta Errumaniak (% 1,9), berriz, txikienak.

  1. datua: EBren kanpoko mugen gurutzatze irregularrak murriztu egin ziren 2024an

EB kanpoko mugak kontrolatzeko eta migrazio irregularra mugatzeko lanean ari da. 2024an, Frontexek 239.000 muga-gurutzaketa irregularren berri eman zuen, 2023an baino % 25 gutxiago. Monitorizatutako ibilbide guztietan zifrek behera egiten jarraitu zuten, baita 2025eko lehen zazpi hilabeteetan ere.

Batzordeak lankidetza estuan lan egiten du EBko herrialde eta agentziekin, nazioarteko bazkideekin eta gobernuz kanpoko erakundeekin, migrazio irregularra prebenitzeko eta EBn gelditzeko baldintzak betetzen ez dituztenen itzulera duina bermatzeko. Muga-gurutzaketa irregularrak murrizteko faktore garrantzitsu bat da agintari nazionalak eta EB ahalegin espezifikoagoa egiten ari direla migratzaileen trafiko-sareak desegiteko. EBren eta Afrikako herrialdeen (hala nola Tunisia, Egipto edo Mauritania) arteko akordioek eta elkartzeek ere herrialde horietako irteera irregularrak mugatzen lagundu dute.

  1. datua: EBra legez iritsitakoak irregularrak baino nabarmen gehiago dira

EBk arau argiak eta gardenak ditu lurraldean sartu eta bizi ahal izateko. EBn sartzen diren pertsona gehienek legezko migrazio-bideak erabiltzen dituzte, hala nola lana, ikasketak, familia bateratzea edo birkokatzea. Legezko bide horiek EBko lan-merkatuaren premiak asetzen laguntzen dute nagusiki. 2023ko azken datuen arabera, EBkoak ez diren 3,9 milioi herritarrek baino gehiagok EBn bizitzeko eta lan egiteko eskubidea lortu zuten. Europar Batasunetik kanpoko kualifikazio handiko ia 90.000 langilek jaso zuten EBko txartel urdina. Zifra horiek muga-gurutzaketa irregularrenak baino nabarmen handiagoak dira (380.000 inguru 2023an eta 239.000 2024an).

  1. datua: EBk langile gehiago behar ditu, eta etorkinek lanpostu horiek bete ditzakete

EBk ez du langile nahikorik. Mario Draghiren txosten berriaren arabera, Europako enpresen laurden batek zailtasunak izan ditu gaitasun egokiak dituzten langileak aurkitzeko, eta erdiek, berriz, zailtasun batzuen berri eman dute. 2024an, Batzordeak eskulan-eskasia duten 42 lanbide identifikatu ditu EB osoan. Horien artean daude eraikuntzako, garraioko, nekazaritzako, ostalaritzako, osasuneko eta gizarte-laguntzako lanpostuak. ELAren «Eskulanaren eskasia eta soberakinak Europan 2024an» txostenak deskribatzen duenez, sektore horietako asko funtsezkoak dira Europako ekonomiaren funtzionamendu onerako eta lehiakortasunerako.

EBko langabezia-tasak minimo historikoetara iritsi direla aintzat hartuta (ikus Eurostat), atzerritarrek gabeziak estaltzen laguntzen dute. Eurostaten arabera, Europatik kanpoko herritarrek europarrek baino maizago onartzen dituzte zeregin errazak, errutinazkoak edo fisikoak eskatzen dituzten lanpostuak. Europatik kanpoko langileen lanak onura handiak ekartzen dizkie tokiko eta eskualdeko ekonomiei. ELGAko herrialdeetan, kualifikazio txikia duten eta hirietako funtsezko lanbideetan aritzen diren langileen laurdena Europar Batasunetik kanpoko herritarrak dira, landa-eremuetan baino bi aldiz gehiago. Langile migratzailerik gabe, ospitale, garraio-enpresa, eraikuntza-enpresa, jatetxe edo supermerkatu askok ez lituzkete beharrezko zerbitzuak ematen ahalko.

  1. datua: Oinarrizko eskubideen errespetua EBren migrazio-politikaren ardatza da

EBren migrazio-politika Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean eta Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Genevako 1951ko Konbentzioan jasotako oinarrizko eskubideen errespetuan oinarritzen da. Oinarri juridiko horiek asilo-eskubidea bermatzen dute. Halaber, kanporatze kolektiboak debekatzen dituzte eta giza duintasuna babestea ezartzen dute. Legean oinarritutako ordena hori defendatzea funtsezkoa da EBren identitaterako eta balioetarako, migrazioaren kudeaketa eraginkorra izateaz gain giza eskubideen nazioarteko arauetara ere egokitzen dela bermatzeko.

EBren Migrazio eta Asilo Itunak are gehiago indartu du oinarrizko eskubideen errespetua. Nazioarteko babes-irizpideak harmonizatu ditu, gainbegiratzea txertatu du eta harrera-arauak ezarri ditu. Erreformak berme berriak sortu ditu asilo-eskatzaileentzat eta pertsona kalteberentzat, eta doako aholkularitza juridikoa ezarri du eskatzaile guztiendako. EBk berariazko funtsak eta laguntza operatiboa ere baditu. Estatu kideen harrera-gaitasuna hobetzea. Adibidez, Grezian. EBk 22 instalazio sortzen, modernizatzen eta kudeatzen lagundu du, asilo-eskatzaileei oinarrizko babesa, elikagaiak eta laguntza juridikoa emateko.

  1. datua: Tokiko hizkuntza ikasteak integratzen laguntzen die migratzaileei

Integrazioa bi norabideko prozesutzat hartzen da, eta alderdi guztien parte-hartze aktiboa eskatzen du: gelditzeko eskubidea dutenena, harrera-elkarteena eta administrazio publikoena. Integrazioari eta immigrazioari buruzko azken Eurobarometroaren arabera, europarren % 70ek uste dute bai iritsi berriek, bai harrera-komunitateek integrazio arrakastatsuaren erantzukizuna partekatu behar dutela.

Europarrentzat, tokiko hizkuntza ikastea da integrazioa bultzatzeko faktorerik garrantzitsuena. Beste alderdi garrantzitsu batzuk honako hauek dira: migratzaileek ongizate-sistemari egiten dioten ekarpena (zergak ordaintzea); harrera-gizartearen bizimoduarekiko konpromisoa; eta enplegua aurkitzeko behar diren gaitasunak eta hezkuntza izatea. Informazio gehiago aurkituko duzu 519 Eurobarometro Berezian.

  1. datua: Ukrainako errefuxiatuek ekonomiari laguntzen diote

Ukrainako lau milioi errefuxiatu baino gehiagok dute aldi baterako babesa EBn. Askok lana aurkitu dute edo enpresak sortu dituzte EBra iritsi eta hilabete gutxira. Sistema publikoei laguntzen diete beren zergekin eta Gizarte Segurantzaren transferentziekin. EB osorako estatistikarik ez badago ere, Polonian, adibidez, ACNURek eta Deloittek berriki egindako azterlan baten arabera, Ukrainako errefuxiatuek % 0,7 eta % 1,1 arteko ekarpena egin diote herrialde horretako Barne Produktu Gordinari (BPG). Azterlanak ekarpenak gora eginen duela iragarri du. Txekiar Errepublikan, Gizarte Gaietako Ministerioak jakinarazi du Ukrainako errefuxiatuek laguntza gisa jasotzen dutena baino ekarpen handiagoa egiten dietela aurrekontu publikoei.

Hala ere, errefuxiatu batzuek oztopo linguistiko eta administratiboei egin behar diete aurre enplegua lortzeko. EBko estatu kideek hizkuntza ikasten edo beren lanbide-arloan ziurtagiri nazionala lortzen laguntzeko programak ezarri dituzte. EBren aldi baterako babesari esker, Ukrainako gerratik ihes egin duten pertsonek hainbat eskubide dituzte EBn, hala nola enplegurako, hezkuntzarako edo arreta medikorako sarbidea. EBko estatu kideek hartutako azken erabakiaren ondoren, aldi baterako babesak 2027ko martxora arte iraunen du.

Europako migrazioari buruzko estatistikak