- El Cierzo DBHIk, FEC Vedruna ikastetxeak, San Cernin ikastetxeak eta CIP FP Lumbier IIP ikastetxeak prestakuntza jaso dute Madrilen, ikasturte honetan hamar urte beteko duen Europako ekimen horren parte-hartzaile gisa.
- Europako Parlamentuaren Enbaxadore Eskolak programaren helburua da gazteen artean Europaren eta Europako demokrazia parlamentarioaren ezagutza sustatzea.
Iruñea, 2025eko irailaren 24a.- Europako Parlamentuko Komunikazio Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako lau ikastetxe hautatu ditu Alcalá de Henaresko Unibertsitatean (Madril) egin den aurrez aurreko prestakuntzan parte hartzeko, “Europako Parlamentuaren Enbaxadore Eskolak” hezkuntza-programaren barruan: El Cierzo DBHI, FEC Vedruna ikastetxea, San Cernin ikastetxea eta CIP FP Lumbier IIP ikastetxea.
Prestakuntza-jardunaldiei hasiera emateko, María Andrés Europako Parlamentuaren Espainiako Bulegoko zuzendariak esku hartu zuen, eta ikasgeletan Europako balioak eta demokrazia lantzeko beharra nabarmendu zuen, egungo “poli-krisi” egoera aintzat hartuta. Horrez gain, Europar Batasunak legegintzaldi honetarako ezarri dituen lehentasunetako batzuk azaldu zituen, hala nola lehiakortasuna, segurtasuna eta defentsa eta ekonomia estrategikoa. Ondoren, Europako Parlamentuaren Enbaxadore Eskolek jardunbide egokien saio bat partekatu zuten, eta Alcalá de Henaresko Unibertsitateko Zuzenbide fakultateko hiru prestakuntza-jardunaldiei ekin zieten.
Programa bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako ikastetxeetako ikasleei zuzentzen zaie (DBHko 4. maila, Batxilergoko 1. eta 2. mailak eta LH), eta gazteen artean Europaren eta Europako demokrazia parlamentarioaren ezagutza sustatzea du helburu, Europar Batasuna eta, bereziki, Europako Parlamentua aktiboki ezagutaraziz. Kontua ez da soilik Europar Batasunari buruzko datuak erakustea, baizik eta Europako herritartasuna esperimentatzeko aukera ematea ikasleei: Batasunak zer esan nahi duen eguneroko bizitzan eta zer egiten ahal den, etorkizunean Europa herritarrek nahi duten bezalakoa izan dadin lortzeko.
Hasierako prestakuntzaz gain, ikastetxeek konpromisoa hartzen dute Europako Parlamentuari buruzko beren informazio-gunea leku ikusgarri batean mantentzeko, Europako Parlamentuak emandako material didaktikoekin lan egiteko eta ikasturtean zehar Europar Batasunarekin lotutako jarduerak gauzatzeko.
Europako Parlamentuaren Enbaxadore Eskolak programa Europako Parlamentuak sustatutako programa bat da, eta bertan, lurralde nazional osoko 127 eskola eta 50 eskola mentore daude sartuta. Ikasturte honetan hamar urte beteko ditu.