Europako Batzordeak neurriak hartuko ditu EBko hainbat estatu kideren aurka, EBren zenbait zuzentarauen transposizioa beren ordenamendu juridiko nazionaletara egiteko hartutako neurriak ez jakinarazteagatik. Zuzentarau horien transposizioa egiteko epea duela gutxi akitu zen. Batzordeak estatu kide horiei epatze-gutun bat bidaltzea aurreikusi du, eta bi hilabete emanen dizkie erantzuteko eta transposizioa osatzeko. Hala egiten ez badute, Batzordeak beste urrats bat eman dezake eta irizpen arrazoitua eman. Aipatu estatu kideek ez dituzte finantza-egonkortasunarekin, barne-arazoekin eta osasunarekin lotutako EBren lau zuzentarau osorik ezarri. Batzordeak eskatu die berehalako neurriak har ditzatela beren legeria EBren betekizunekin bat etortzeko.
Espainiarekin lotutako erabaki nagusiak:
Europako Batzordeak estatu kideei eskatu die Europako sarbide-puntu bakarrari (ESAP) buruzko esparru orokorreko zuzentarauaren transposizio osoa egin dezatela, inbertitzaileek informazio publiko korporatiboa eskuratzen ahal dutela bermatzeko.
Europako Batzordeak arau-hauste prozedurak hastea erabaki du, eta epatze-gutun bat bidali die Bulgaria, Estonia, Irlanda, Espainia, Frantzia, Kroazia, Italia, Letonia, Lituania, Herbehereak, Austria, Portugal, Polonia, Errumania, Eslovenia eta Suediari, Europako sarbide-puntu bakarrari buruzko esparru orokorreko zuzentarauaren [2023/2864 (EB) Zuzentaraua] transposizio osoa ez egiteagatik, gardentasunari buruzko zuzentarauan (2004/109/EE Zuzentaraua) egindako aldaketei dagokienez. ESAPari buruzko esparru orokorreko zuzentaraua ESAParen legegintza-paketearen parte da. Horren bidez, inbertitzaileei eta beste alderdi interesdun batzuei erraz eskuratzeko, alderatzeko eta erabiltzeko moduko informazio publikoa emanen dien mekanismo zentralizatu bat sortzen da. Legegintza-pakete horrek hiru fase ezartzen ditu ESAPa garatzeko. Lehenbiziko fasea 2026ko uztailean hasiko da, Gardentasunari buruzko Zuzentarauaren, 2017/1129 (EB) Erregelamenduaren (Liburuxkari buruzko Erregelamendua) eta 236/2012 (EB) Erregelamenduaren (Epe laburreko salmentei buruzko Erregelamendua) arabera argitaratutako informazioa agintari nazional eskudunei aurkezten hasten zaienean, ESAPan eskuragarri jartzeko. Lehenbiziko fase horretarako, estatu kideek beranduenez 2025eko uztailaren 10ean egin behar zuten gardentasunari buruzko zuzentarauan egindako aldaketen transposizioa. Horrenbestez, Batzordeak epatze-gutunak bidaliko dizkie Bulgariari, Estoniari, Irlandari, Espainiari, Frantziari, Kroaziari, Italiari, Letoniari, Lituaniari, Herbehereei, Austriari, Portugali, Poloniari, Errumaniari, Esloveniari eta Suediari. Estatu kide horiek bi hilabete izanen dituzte transposizioa osatzeko eta hartutako neurriak Batzordeari jakinarazteko. Erantzun egokirik ezean, Batzordeak irizpen arrazoitua ematea erabaki dezake.