Stéphane Séjournék, oparotasunerako eta industria-estrategiarako presidenteorde exekutiboak, iragarri du martxan jarriko dela Europako industriarako funtsezkoak diren lehengaien hornidura segurua eta jasangarria bermatzeko proiektu estrategikoen bigarren deialdia. Kirunan (Suedia) eman zuen horren berri, eta lehenbiziko deialdiak izandako arrakasta izan zuen oinarri. Deialdi horretan, 60 proiektu estrategiko hautatu ziren (horietako zazpi Espainian egin ziren).
Oharrak aurkezteko azken eguna 2026ko urtarrilaren 15a da, 12:00etan (eguerdia) (Europa Erdialdeko ordua). Urriaren 9an informazio-saio espezifiko bat eginen da, online, interesa duten sustatzaileentzat. Proiektu estrategikoei buruzko informazio gehiago Oinarrizko Lehengaien Europako Erregelamenduaren webgunean lor daiteke.
Proiektu estrategiko horiek Oinarrizko Lehengaien Europako Erregelamendua aplikatzea bultzatzen dute eta EBren erresilientzia indartzen dute, trantsizio ekologiko eta digitalerako funtsezkoak diren lehengaien eskuragarritasuna bermatzen baitute. Halaber, ekoizpen nazionala bultzatzen dute, eskaintza dibertsifikatzen dute eta elkarrekiko onuragarriak diren elkartzeak sortzen dituzte. Kalifikatu ahal izateko, proiektuek nabarmen hobetu behar dute horniduraren segurtasuna, teknikoki bideragarriak izan behar dute eta egikaritze jasangarria bermatu behar dute. Aukeratutako proiektuek baimenak azkarrago jasotzen ahalko dituzte, eta finantzaketa eta konpentsazioak errazago eskuratzen ahalko dituzte. Batzordeak lankidetza estua du estatu kideekin eta finantza-erakundeekin onura horiek egia bihurtzeko.
Séjourné presidenteorde exekutiboak honako hau adierazi du: «Proiektu estrategikoen gure lehenbiziko deialdiaren bidez, EBk erakutsi du EBren barruan nazio-mailako erauzketa, finketa, prozesamendua eta birziklapena bultzatzeko ahalmena duela, bai eta herrialde elkartuekin lankidetzan aritzekoa ere, mendekotasunak murrizteko, segurtasun ekonomikoa indartzeko eta hornidura dibertsifikatzeko. Europaren subiranotasuna lortzeko funtsezko beste aurrerapauso bat da. Hortaz, proiektuen sustatzaileak 17 lehengai estrategikoetarako proiektu gehiago aurkeztera animatzen ditut».