Von der Leyen eta Prabowo Subianto presidenteek uztailaren 13an lortutako akordio politikoaren ondoren, EBk eta Indonesiak gaur itxi dituzte Ekonomia Elkartze Globalaren Akordio baterako (CEPA) eta Inbertsioa Babesteko Akordio baterako (IPA) negoziazioak. EBren aldetik, Merkataritza eta Segurtasun Ekonomikoko komisario Maroš Šefčovič izan zen negoziazioen buru. Gaur egun Indonesian dago, mugarri historiko hori ospatzeko eta Europako eta Indonesiako enpresekin lankidetzan aritzeko, hurrengo berrespena eta urratsak bultzatzeko.

Etorkizunari begira eta elkarren onerako egin diren akordio integral horiek funtsezko mugarriak dira EBren dibertsifikazio- eta elkartze-estrategia betetzeko, ekonomia garrantzitsu batekiko merkataritza- eta inbertsio-loturak indartzeko eta energia eta lehengaiak esportatzeko aukera berriak eta seguruagoak diren hornidura-kate berriak sortzeko.

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek honako hau adierazi zuen: «Dibertsifikazioari eta lankidetzei begira egiten ditugun ahaleginak areagotzeko konpromisoa hartu dugu, EBn enplegua bultzatzen jarraitzeko eta hazkundea sustatzeko. Indonesiarekin lortu dugun akordioak aukera berriak sortzen ditu enpresentzat eta nekazarientzat, garrantzitsua den eta hazten ari den ekonomia batean. Akordioak, halaber, Europako industria siderurgikorako funtsezko lehengaien eta teknologia garbien hornidura egonkorra eta aurresangarria emanen digu».

CEPAk onura nabarmenak ekarriko dizkie Europako nekazariei, nekazaritzako elikagaien gaineko zergak murriztuko baitira eta EBko produktu tradizionalak babestuko, bai eta funtsezko industria-sektoreei ere, hala nola automobilgintzari, kimikari eta makineriari. Guztira, EBko esportatzaileek urtean 600 milioi euro inguru aurreztuko dituzte muga-zergetan beren produktuak Indonesiako merkatuan sartzean, eta Europako produktuak merkeagoak eta eskuragarriagoak izanen dira Indonesiako kontsumitzaileentzat.

CEPA hazkunde jasangarria eta trantsizio ekologikoa sustatzeko ere mugarri garrantzitsua da EBrentzat eta Indonesiarentzat. Gainera, EBk eta Indonesiak irekierarekin eta arauetan oinarritutako sistemarekin duten konpromisoa erakusten du; hala, 700 milioi kontsumitzaile baino gehiagorendako merkataritza askeko eremu bat sortuko da, gardentasunean eta aurreikusgarritasunean oinarrituta.

Informazio gehiago