Europar Batasunak finantzatu ditu guztiz, Next Generation UEren bidez, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kargura
Nafarroako museoak abuztuaren 31n bukatu ditu energia-efizientzia hobetzeko obrak. 2024an hasi ziren, Construcciones Leache SL enpresari adjudikatu ondoan, eta azken kostua 2.239.517,61 euro izan da, BEZa barne. Europar Batasunak finantzatu ditu guztiz, Next Generation UEren bidez, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kargura. Funts horiek Nafarroako Foru Komunitateari transferitu zaizkio, turismorako erabiltzen den ondare historikoan mantentze- eta birgaitze-proiektu jasangarriak egiteko.
Nafarroako museoan egindako lanen bidez, eraikin guztiaren estalkia termikoki isolatu da, eta erakusketa finkoa hartzen duen eraikin nagusiaren kanpoko zuraje guztien ordez, prestazio hobeak dituzten beste batzuk jarri dira. Besteak beste, eguzkiaren aurrean babesteko leiho-oholak jarri dira, eta modu motorizatuan eta domotizatuan ireki daitezke, barnealdea modu kontrolatuan aireztatzeko. Jarduketaren bidez, halaber, eraikinaren fatxadak konpondu dira. Proiektua eta obra-zuzendaritza María del Olmo Íñigo arkitektoari adjudikatu zitzaizkion.
Lanak 2024ko abenduan hasi ziren, eta, obra gauzatzeko 12 hilabeteko epea bazegoen ere, modu arin eta eraginkorrean planteatu zen, eta epe hori nabarmen laburtu da: abuztuaren 31n bukatu dira lanak, eta domotizazio-sistema doitzea baizik ez da falta. Datozen asteetan, museoko zuzendaritzak bere mantentze-ekipoen bidez egiaztatu eta baliozkotu beharko du ezarritako sistemek behar bezala funtzionatzen dutela eta eraikinaren barne-klimaren kontrolean egindako hobekuntzak eraginkorrak direla. Azken prozesu arrunt horretarako, jakina, epe luzeagoa beharko da, klimatologiak baldintzatuko baitu emaitzen ebaluazioa.