Nafarroako 40 bat herrik ehun proposamen baino gehiago hartuko dituzte, programa honen esparruan
Aurten ere, Nafarroako Gobernuak, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, bat egin du Ondareari buruzko Europako Jardunaldiekin. Europako Kontseiluak sustatzen du ekimen hori, eta irailaren 26tik urriaren 5era bitartean eginen da. Jardunaldien helburua da Europako ondare komunaz eta ondare hori babesteko beharraz sentsibilizatzea, bai eta inklusioa, elkartasuna eta ondarearen inguruan partekatutako esperientziak sortzea sustatzea ere.
Aurten, Nafarroako 40 bat herrik hartuko dute parte, eta programan ehun proposamen baino gehiago daude. Jada kontsultatu daiteke zein ekintza izanen diren, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren webgunean eta jardunaldien online gunean; hor, gainera, dokumentu interaktibo bat deskargatu daiteke, herriz herri antolatutako ekitaldi guztiak jasotzen dituena.
“Ondarea eta arkitektura: leihoak iraganera, ateak etorkizunera” da edizio honetako leloa, eta gonbidapen bat da hausnartzeko nola islatzen duen arkitekturak memoria kolektiboa, eta, aldi berean, nola aukera berriak irekitzen dituen etorkizunean ondarea erabili, babestu eta gozatzeko. Ikuspegi horretatik, askotariko ekintzak antolatu dira: monumentu historikoetarako bisitak; hiri-multzoetan barnako ibilbideak; landa-arkitektura, arkitektura industriala edo arkitektura garaikidea ardatz dituzten jarduerak, eta eraikuntzari loturiko lanbide eta jakintza tradizionaletan oinarrituriko jarduerak. Arkitektura-ondarearen aberastasuna eta dimentsio ukiezina ezagutarazi nahi dira, nabarmentzeko funtsezko zeregina duela nortasunaren eraikuntzan eta gure inguruneetako memoria pertsonal eta kolektiboan.