EIB taldeak konpromisoa hartu du 17.500 milioi euro jartzeko, hobekuntzak egin daitezen Europako enpresa txiki eta ertainen energia-efizientziaren arloan.

Konpromiso horren bidez, EIB taldeak ia bikoiztu eginen du arlo horretako finantzaketa, eta helburua da datozen hiru urteetan energia aurreztea 350.000 enpresa baino gehiagotan.

EIB taldeak, halaber, indarrak batu ditu Solar Impulse izeneko irabazi-asmorik gabeko fundazioarekin, energia-efizientzia zerbitzu gisa sustatzeko.

Txosten berri batean nabarmentzen da zer faktorek bultzatzen eta oztopatzen dituzten energia-efizientziako inbertsioak Europan.

Europa guztiko 350.000 enpresak baino gehiagok hobetuko dute energia-efizientzia, Europar Batasunak 17.500 milioi eurorekin finantzaturiko ekimen bati esker. Europako Inbertsioen Bankua taldeak (EIB taldea) gidatzen du enpresa txiki eta ertainentzako energia-efizientziaren ekimena, Europako Batzordearen babesarekin, eta helburua da enpresa horiei laguntza ematea energia aurrezteko teknologia egiaztatuak erabiliz energia-fakturak murriztu ditzaten eta erresilienteagoak eta lehiakorragoak izan daitezen.

EIB taldeak 17.500 milioi euro emanen ditu, eta finantzaketa horrek ia bikoiztu eginen du gaur egun arlo horrek duen laguntza, 2025-2027 aldirako. Enpresa txiki eta ertainek energia-efizientziaren eta deskarbonizazioaren arloan hartutako neurriak izanen ditu ardatz, eta, laguntza bideratzeko, hainbat finantza-produktu konbinatuko ditu, lehendik daudenak nahiz berriak, zor- eta kapital-tresnak barne.

 

Ekimenaren helburua da hemendik 2027ra 65.000 milioi eurotik gorako guztizko inbertsioa mobilizatzea, enpresa txiki eta ertainek energia aurrezteko, eta, horrela, Europako merkatuaren arrakala ixten laguntzeko. Ekimena gaur iragarri da, Bruselan egindako konferentzia batean. Ekitaldi horretan egindako hitzaldiak eskuragarri egonen dira EBS zerbitzuan.

Informazio gehiago