EBk agenda estrategiko berri bat proposatu du Indiarekin goi-mailako aldebiko harremanak bultzatzeko.
Europako Batzordeak eta Goi Ordezkariak komunikazio bateratu bat eman dute «EB-India Agenda Estrategiko Berria» aurkezteko. Agenda hori mugarri garrantzitsua da bi bazkideen arteko harremanetan. Ekimen hori 2024-2029rako orientabide politikoetan iragarri zuen Ursula von der Leyen lehendakariak, eta helburu du aldebiko lankidetza sakontzea, zabaltzea eta hobeki koordinatzea, bi bazkideen oparotasuna eta segurtasuna hobetzea eta erronka global nagusiei aurre egiten laguntzea.
Ursula von der Leyen lehendakariak honako hau adierazi du: «Bazkide fidagarrietan zentratzeko unea iritsi da, eta interes partekatuetan oinarrituriko eta balio komunek gidaturiko aliantzen alde egitekoa. EB-India estrategia berriarekin, gure harremana goragoko maila batera eramaten ari gara. Merkataritza, inbertsioa eta talentuaren mugikortasuna bermatuko ditugu. Gure segurtasun ekonomiko bateratua indartuko dugu. Elkarrekin, trantsizio garbia eta berrikuntza bultzatuko ditugu. Defentsaren arloan dugun lankidetza industriala sakonduko dugu. Europa jada Indiaren merkataritza-bazkiderik handiena da, eta merkataritza askerako akordioa urte bukaerarako amaitzeko konpromisoa hartzen dugu. Europa negozioetara irekita dago. Eta prest gaude Indiarekin partekatutako etorkizunean inbertitzeko».
Komunikazio bateratuan azaldutako proposamenak oinarri hartuta, EB prest dago Indiarekin lankidetzan aritzeko, baterako estrategia global bat garatzeko, lehentasun partekatuetatik abiatua eta bi bazkideei onurak ekarriko dizkiena.
Xehetasun gehiago jakiteko, kontsultatu sareko prentsa-oharra, informazio-fitxa eta komunikazio bateratua. EBS zerbitzuan ikus dezakezu Kallas goi-ordezkariak eta Šefčovič komisarioak emandako prentsaurrekoa.