Von der Leyenek Batasunaren egoerari buruzko hitzaldian iragarpena egin ondoan, Europako Batzordeak proposamen bat aurkeztu dio Kontseiluari, merkataritzarekin loturiko zenbait xedapen bertan behera uzteko EBren eta Israelen arteko Elkartze Akordioan («Akordioa»), eta zehapenak jartzeko Hamasi, ministerio-arduradun estremistei eta kolono bortitzei.
Batzordea Israeli emandako aldebiko laguntza ere eteten ari da, gizarte zibilari eta Yad Vashem-i emandakoa salbu. Zehazki, horrek 2025etik 2027ra bitarteko urteko esleipenei eragiten die, baita Israelekin abian dauden lankidetza instituzionaleko proiektuei eta EB-Israel Eskualde Lankidetzarako Mekanismoaren esparruan finantzatutako proiektuei ere.
Israelek Akordioaren 2. artikulua betetzen ote duen berrikusi ondoren egin dira proposamen horiek. Izan ere, berrikuspenean ondorioztatu zenez, Israelgo Gobernuaren ekintzek funtsezko elementuak urratzen dituzte, giza eskubideak eta printzipio demokratikoak errespetatzeari dagokionez. Horrek eskubidea ematen dio EBri Akordioa alde bakarretik eteteko.
Zehazki, urraketa horiek honako hauekin dute zerikusia: Israelen esku-hartze militarraren ondoren Gazan egoera humanitarioa azkar hondatzea, laguntza humanitarioa blokeatzea, operazio militarrak areagotzea eta Israelgo agintariek erabaki izana Zisjordaniako E1 eremuan finkatzeko planarekin aurrera jarraitzea, horrek are gehiago zailtzen baitu bi estatuen irtenbidea.