Europako Parlamentuak eta Kontseiluak eguneratze garrantzitsuak egin dizkiote 2021-2027 aldirako kohesio-politikari, eta Europako Batzordeak pozik hartu ditu. Aldaketa horiei esker, EBko estatuek eta eskualdeek aukera izanen dute funtsak lehentasun estrategiko berrietara bideratzeko; horrela, arlo hauetan egiten diren inbertsioak hobetuko dira: lehiakortasuna, defentsa, etxebizitza eskuragarri eta jasangarria, erresilientzia hidrikoa eta trantsizio energetikoa.
Lehentasun berri horietan inbertitu nahi duten estatu kideek eta eskualdeek aurrefinantzaketa-ehuneko handiagoak izanen dituzte, % 20ra artekoak, proiektuak abian jartzea eta gauzatzea azkartzeko. Gainera, aurrefinantzaketa-ehuneko horiek are gehiago handituko dira, baldin eta programa baten guztizko balioaren % 10, gutxienez, lehentasun berrietara bideratzen bada.
Raffaele Fittok, Kohesio eta Erreformen ardura duen lehendakariorde exekutiboak, honako hau adierazi du: «Tarteko berrikuspen-proposamena urrats garrantzitsua da kohesio-politika modernizatzeko, egungo erronkei erantzute aldera. Europan ditugun lehentasun komunetan inbertitzeko aukera ematen du: lehiakortasunean, defentsan, etxebizitza eskuragarri eta jasangarrian, erresilientzia hidrikoan eta trantsizio energetikoan. Lehentasun komun horiek lortzeko, eskualde sendoak behar ditugu, eta kohesio-politika modernizatuak horretarako tresnak ematen ditu».
Roxana Mînzatu-k, Gizarte Eskubideen eta Gaitasunen, Kalitatezko Enpleguen eta Prestakuntzaren ardura duen presidenteorde exekutiboak, honako hau adierazi du: «EBk inbertsio masiboak egiten ditu herritarren alde, bizitza guztian zehar babesa izan dezaten. EBren kohesio-politikaren eguneratze horri esker, EBko funtsek hobeki lagunduko dute enplegua, hezkuntza, gizarte-inklusioa eta abar sustatzen. Estatu kideek aukera izanen dute hainbat arlotan inbertitzeko, besteak beste, etengabeko ikaskuntza bultzatzeko, pertsonak lan-merkatura itzultzea sustatzeko eta premia duten haurrei laguntzeko. Tarteko berrikuspenaren aldaketa espezifikoen ondorioz, kohesio-politika arinagoa, harkorragoa eta eraginkorragoa da, egungo errealitateei erantzuteko eta Europa hobeki hornitzeko, etorkizuneko oparotasuna babeste aldera».
Batzordeak apirilean proposatu zituen aldaketak, estatu kideekin kontsultatu ondoren. Europako Batzordearen Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain laster, estatu kideek eta eskualdeek aukera izanen dute malgutasun berriak erabiltzeko. Horretarako, kohesio-programen aldaketak aurkeztu beharko dizkiote Batzordeari.