Europar Batasuna ahalegintzen ari da zenbait alderdi sinplifikatzen, argitzen eta modernizatzen elikagaien eta pentsuen segurtasun-arauei buruzko EBko legerian, eta Europako Batzordeak datuen deialdi bat abiarazi du, horren gaineko iritziak biltzeko. Izan ere, alderdi interesdunek eta estatu kideek eskatu dute karga administratiboa gutxitzeko, argitasun juridikoa hobetzeko eta erregelamendu-prozeduren efizientzia handitzeko, eta horri erantzun nahi dio aipatu sinplifikazioak. Aldi berean, EBko elikagaien segurtasun-maila handia bermatu nahi da, eta lehiakortasuna hobetu.

Elikadura-segurtasunari buruzko hurrengo «Omnibus» delakoan, zenbait neurri aurkeztuko dira, legedia sinplifikatze aldera honako arlo hauetan, besteak beste: produktu fitosanitarioak, biozidak, pentsuetarako gehigarriak, higiene-baldintzak eta EBko mugetako kontrol ofizialak. Komisario bakoitzak legeria sinplifikatzen lagundu behar du, aginte-gutunetan islatzen den bezala, eta proposamen hau Batzordearen Nekazaritza eta Elikadurarako Ikuspegian iragarritako zeharkako sinplifikazio-paketearen parte ere bada.

Interesdun guztiak gonbidatuta daude datuen deialdian parte hartzera. Bereziki, Batzordeak eskertuko du nekazariek, elikagaien eta pentsuen sektoreetako enpresek, estatu kideetako agintariek, GKEek, akademikoek eta ikertzaileek ekarpenak egitea. Datuen deialdia irekita egonen da urriaren 14ra arte.