Europako Batzordeak komunikazio politiko bat aurkeztuko du, «Europako kirolari buruzko ikuspegi estrategikoa: Europako kirol-eredua indartzea» izenekoa, eta aldez aurretik kontsulta egin die herritarrei, zaleei, kirolariei, entrenatzaileei, irakasleei, boluntarioei, atletei eta kirol-erakundeei.

Komunikazio horrek nabarmenduko du zein garrantzitsua den kirola Europan, ondasun publikoa baita, eta prozesu horretan parte hartzen ahalko da hamabi asteko epean, kontsulta baten eta datuen deialdi baten bidez, zeinak eskura baitaude «Have your say» atarian.

Komunikazio horrek agerian utziko du kirolak berebiziko garrantzia duela Europan, guztien ondasuna baita, eta nabarmenduko du nolako inpaktua duen osasun publikoan, hezkuntzan, gizarte-inklusioan, Europaren batasunean eta lehiakortasun ekonomikoan. Europako kirol-ereduak hainbat erronka dituenez, partaidetza publikoa funtsezkoa izanen da erronka horiei aurre egiteko eta eredu hori babesteko, sustatzeko eta indartzeko.

Maila guztietako ekimen ugarik agerian uzten dute zein garrantzitsua den kirola Europarentzat. «Kirolaren Europako Astea» eta «Kirolaren Europako Foroa» ekimen enblematikoak dira; «HealthyLifestyle4All» ekimenaren ardatza, berriz, adin-talde eta gizarte-maila guztietan bizimodu osasungarriak sustatzea da. Oro har, kirola eta bizimodu aktiboak beste politika batzuekin lotzen dituzte, hala nola osasunaren eta elikaduraren arloko politikekin.

Belaunaldi arteko ekitatearen, gazteriaren, kulturaren eta kirolaren komisario Glenn Micallef-ek honako hau adierazi du: «Kontsulta publiko honek urratsak egiten lagunduko digu, Europako kirol-ereduaren osotasuna babeste eta indartze aldera. Gure ereduak erroak ditu komunitatean oinarrituriko klub sendoetan, oinarrietatik sortutako ekimenetan eta tokiko kirol-komunitateetan. Deusek ez gaitu batzen kirolak bezainbeste, eta kontsulta honek aukera emanen die Europako herritarrei, azaltzeko nolakoa izan behar duen, beren ustez, Europako kirolaren etorkizunak».

Jakin nahi baduzu nola parte hartu Europako kirolari buruzko ikuspegi estrategikoa egituratzen, sartu esteka honetan.