- Aurrekontu zabalagoa eta autonomoagoa Nekazaritza Politika Erkiderako (NPE)
- Zuzeneko ordainketa indartuak eta nekazariendako administrazio kargaren murrizketa
- Nekazari bihurtzeko oztopo gutxiago
Europako Parlamentuak nekazaritza aurrekontu independente handiagoa nahi du 2027tik aurrera, baita nekazariendako burokrazia txikiagoa eta ingurumen eta gizarte helburuak lortzeko pizgarriak ere.
Eurodiputatuek azpimarratu dute EBko Nekazaritza Politika Erkidea (NPB) ez dela integratu behar beste finantzaketa eremu batzuekin, eta ez dela izan behar estatu kideek nekazaritzaz bestelako helburuetarako erabiltzen duten finantza zuzkidura zabalago baten parte.
Errentarako zuzeneko laguntzak nekazari profesional aktibo guztiei ordaindu behar zaizkie, azaleran oinarritutako ereduari jarraituz. Landa garapena babestu egin behar da, kohesio politikak alde batera utzita.
NPE sinplifikatzea
Nekazariendako administrazio kargaren murrizketak NPEren printzipio gidarietako bat izan behar du, osoko bilkuraren ebazpenaren arabera. Eurodiputatuek pizgarrietan oinarritutako sistema bat nahi dute, nekazariak ingurumen eta gizarte helburuak lortzera animatzeko. Erregimen ekologikoek borondatezkoak izaten jarraitu behar dute, eta ordainsari bat jaso. Testuak eskatzen du indarrean dauden nekazaritza jardunbideak kontuan hartzea, nekazariei eskatzen zaienean lurrak nekazaritza eta ingurumen baldintza egokietan mantentzeko betekizunak (NIBEak) bete ditzatela.
Nekazaritzaren digitalizazioa
Nekazari guztiek izan behar dute nekazaritza jasangarria babesten duten, diru-sarrerak handitzen dituzten eta administrazio karga murrizten duten irtenbide berritzaile eta digitaletarako sarbidea. Nekazaritza ustiategien ikuskapenek eragiten duten estresa minimizatzeko, Parlamentuak satelite irudietan eta autoziurtapenean oinarritutako kontrolen alde egiten du, jakinarazpenetarako sistema elektroniko zentralizatu baten bidez.
Uraren kudeaketa eta ekonomia zirkularra nekazaritzan
Elikagaien ekoizpen nahikoa eta kalitate onekoa bermatzeko, Parlamentuak inbertsioak egiteko eskatu du, ura atxikitzeko, banatzeko eta biltegiratzeko azpiegiturak modernizatu eta garatzeko, bai eta hondakin urak araztu eta tratatzeko ere. Era berean, nekazariei biomasa, nekazaritzako hondakinak eta koproduktuak berreskuratzeko pizgarriak eskaintzea proposatu du.
Belaunaldi erreleboa ustiategietan
Belaunaldi erreleboa funtsezkoa da EBko nekazaritzaren etorkizunerako. EBko nekazarien ia % 58k 55 urte baino gehiago dituzte, eta soilik % 6k 35 urte baino gutxiago. Eurodiputatuek eskatu dute, alde batetik, NPEren finantzaketa handitzeko eta, beste aldetik, pizgarri fiskalen eta maileguen kopurua handitzeko, nekazari bihurtzeko oztopoak ezabatzeko asmoz.
Txostena aurrera atera zen: aldeko 393 boto, kontrako 145 eta 123 abstentzio.