Hautagaitza irabazlea 2026ko azken hiruhilekoan jakinaraziko da

Nafarroak ofizialki aurkeztu du 2027an Kirolaren Europako Eskualdea izateko hautagaitza. ACES Europe erakundeak titulu hori ematen die kirola eta jarduera fisikoa gizarte kohesiorako, osasunerako eta bizi kalitaterako tresna gisa sustatzeko konpromisoagatik nabarmentzen diren Europako eskualdeei.

Nafarroako hautagaitza ibilbide sendo batean eta kirol errealitate bizi eta anitz batean oinarritzen da. Duela 16 urtetik hona, Nafarroa lehena da bizi kalitate hobea duten autonomia erkidegoen sailkapenean, natura, tradizioa, berrikuntza eta herritarren ongizatearen aldeko politika publiko aktiboak uztartzen dituen gunea dela erakutsita.

Kirol ohiturei buruzko azken inkestaren arabera, Nafarroako biztanleriaren % 57k kirola egiten dute aldizka edo noizean behin, eta gazteak dira talde aktiboena. Kirol kultura hori azpiegitura zabal batean oinarritzen da: ia 1.600 kirol instalazio, 3.800 espazio espezifiko eta 6.200 eremu osagarri baino gehiago 53 kirol modalitate garatzeko, bai eta 3.000 kilometro BTT ibilbide baino gehiago ere, Nafarroa leku ezin hobea bihurtzen dutenak kirola egiteko eta horretaz gozatzeko.

Osasuna, inklusioa eta bikaintasuna sustatzen dituen eredu integrala

Nafarroan kirola bultzatzen da estrategia integral batean oinarrituta. Estrategia horrek honako hauek uztartzen ditu: federazioekin, klubekin eta tokiko entitateekin lankidetzan aritzea, adin goiztiarretatik ohitura osasungarriak sustatzea, eta oinarrizko kirolari eta goi mailako lehiaketei laguntzea. Programa enblematikoenen artean daude Nafarroako Kirol Jokoak, eskiari eta belari buruzko kanpainak eta naturako jarduerak, Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan egiten direnak.

Era berean, Foru Komunitateak kirol jardueran emakume gehiago egotearen alde egiten du, “Kirola eta Emakumea” programaren bidez, eta modu aktiboan lan egiten du desgaitasuna duten pertsonei kirola egiteko aukera errazteko eta Nafarroako kirol tradizionala babesteko, bere nortasun kulturalaren parte baita.

2027ko Kirolaren Europako Eskualdea izateko hautagaitzak kirolarekiko konpromiso irmoa eta jarraitua erakusten du, balio publiko gisa. Hautaketa prozesua hainbat fasetan garatzen da: aurkezpen formala, ACES Europe erakundearen ebaluazio teknikoa eta azken erabakia, 2026ko azken hiruhilekoan ezagutzera emanen dena.

Hautagaitza horrekin, Nafarroak berretsi egiten du kirolean, osasunean, inklusioan eta bizi kalitatean erreferentziazko lurraldea izateko duen bokazioa, bere kirol eredua bere mugetatik harago proiektatuz eta kirolaren bidez gizarte ongizateko Europako helburuei lagunduz.

Informazioa