Orain arte, 35 milioi euro eman dira energia iturri berriztagarriak dituzten autokontsumorako instalazioetarako, Europako SEM funtsetatik
Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak, Trantsizio Energetiko eta Digitaleko, Enpresa I+G+Bko eta Ekintzailetzako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, bi laguntza emakida berri onetsi ditu: guztira, 3,84 milioi gehiago, 778 espedientetan banatuta. Lehenengo emakida 1.692.260,83 eurokoa da, eta bigarrena, berriz, 1.627.289,31 eurokoa. Azken bi emakida horiekin, Europako SEM funtsetatik autokontsumorako eta energia iturri berriztagarriekin biltegiratzeko laguntzetara bideratzeko jasotako zenbateko osoa esleitzen da, baina jakiteko dago gauzatu ezin izan diren instalazioetatik datozen funtsak aprobetxatzen ahalko diren.
Nafarroako Gobernuak 70 milioi euroko aurrekontua eskatu zion Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuari, jasotako eskaera guztiei aurre egiteko, baina, azkenean, 35 milioi euro baino ez zituen jaso. 2021az geroztik, aurrekontu hori 13 laguntza emakidatan banatu da. 12.000 eskaera baino gehiago jaso ziren, eta, guztira, 6.419ri erantzun zaie. Aurreko emakidetan bezala, azken bi emakida horietan eskaera gehienak pertsona fisikoei eta autonomoei zuzendutako 4. programan egin dira, eta, kopuruari dagokionez, 2022ko irailera arte aurkeztutako laguntza eskaerak beste izan dira.
Gainera, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak aurreikusi du deialdi horretako azken bi laguntza emakidak irailean sinatzea, laguntza jasota ere azkenean gauzatu ez diren instalazioetatik datozen zenbatekoei esker. Horrela, laguntza horietara bideratutako gehieneko zenbatekoa banatuko dela bermatzen da.
Programa bakoitzaren izapidetze egoera deialdiaren web fitxan kontsultatzen ahal da. Horrela, eskatzaileak, bere erregistro zenbakiaren bidez, ikusten ahalko du zein distantziatara dagoen bere eskaera erantzundako azken eskaeratik.