Ekintza horiek irailaren 16tik 22ra bitartean antolatu dira, herritarrak mugikortasun seguruaren garrantziaz sentsibilizatzeko eta istripurik gabeko ikuspegia sustatzeko
Foru Gobernuak, Nafarroako Trafiko Zerbitzuaren bidez, toki entitateekin eta erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan, bide segurtasunari buruzko prebentzio eta kontzientziazio bost jarduera antolatu ditu Mugikortasunaren Europako Astean, zeina irailaren 16tik 22ra egin baita. Ekintza horien helburua da, besteak beste, herritarrak mugikortasun seguruaren garrantziaz sentsibilizatzea, sektoreen arteko lankidetza guneak sortzea eta eremu horretan istripurik ez izateko ikuspegia sustatzea.
Hala, irailaren 16an, asteartean, eta 19an, ostiralean, “Begien itxi-ireki batean” jardueraren bi saio antolatu dira. Saio horietan, bide hezkuntzako kanpainaren bideoa proiektatu da. Bertan, trafiko istripu bat artatzen duten Nafarroako Gobernuko zerbitzuek parte hartzen dute, hala nola Foruzaingoak, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek. Era berean, Nafarroako Trafiko Zerbitzuak bide segurtasunaren garrantzia azaldu du, bide istripu bat izan duten eta haren ondorioak pairatzen dituzten biktimen lekukotzarekin batera.
Lehenengo saioa asteartean izan da, 17:00etan, Nafarroako Liburutegi eta Filmotekan, Iruñean, eta bestea, berriz, ostiralean, 19an, 12:00etan, Kondestablearen Jauregiko Civivox zentroan. Mota guztietako jendeari zuzenduak egon dira biak.
Bestalde, irailaren 17an eta 18an, Tuteran eta Iruñean, hurrenez hurren, Nafarroako Trafiko Zerbitzuak, Smart Baby Fundazioarekin lankidetzan, eskola garraioko bide segurtasunari buruzko bi jardunaldi antolatu ditu. Horietan, eskola garraioko ibilgailuek garraiatzen dituzten adingabeen bide segurtasunari buruzko ezagutzak eta oinarriak berrikusi eta eguneratu dira, eta, era berean, zati praktiko bat egon da, non parte-hartzaileek balizko gorabehera baten ondoren sortzen ahal diren egoerak simulatu baitituzte.
Tuteraren kasuan, jarduera Udaltzaingoaren bide hezkuntzako parkean egin da, eta Iruñeko jarduera, aldiz, POLO parkean.
Amaitzeko, irailaren 21ean, igandean, azken jarduera egin da, hiriburuko Antoniutti pasealekuan, 10:30ean, Mapfre Fundazioarekin, APTBrekin eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuarekin batera. Leku horretan, Mugikortasunaren Asteari laguntzen dioten hainbat erakunderen karpak jarri dira (MAPFRE Fundazioa, APTB, Nafarroako DYA; Gurutze Gorria, APANA, POLO parkea, Nafarroako Osasun Zerbitzua). Karpa horietan, mugikortasun seguruarekin lotutako jarduerak egin dira, bai prebentzioaren arlokoak, bai gertakari posible bat gertatu ondorengoak.
Zehazki, bizikletetarako zirkuitu bat egon da, gidatzean arazo pertsonal desberdinak simulatzen dituzten betaurrekoak erabili ahal izan dira, parte-hartzaileek aukera izan dute bihotz-biriketako bizkortzea egiten eta lehen sorospenetarako botikina erabiltzen ikasteko, eta simulagailu batean ibilgailu baten iraulketa esperimentatu ahal izan da. Erreskateetan erabiltzen diren ibilgailuak ere paratu dira, ikusi ahal izateko. Gainera, 12:00etan, trafiko istripu batean izandako esku-hartze baten erakustaldia egin da, eta, bertan, ezbeharrik gertatuz gero segurtasunaren kultura helarazteko egin beharreko urratsak azaldu dira.