EBren egoerari buruzko eztabaidan, eurodiputatuek agintaldi berriaren hasieratik Batzordeak egin duen lanari buruz galdetu zioten Von der Leyen presidenteari, eta etorkizuneko planei buruz ere bai.
Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak honako hau adierazi zuen bileraren hasieran: «Aurrekaririk gabeko egoera honetan, argitasuna eta erabakitasuna behar ditugu Europa bideratzeko. Behar dugu Europak bere segurtasunaren erantzukizuna bere gain hartzea, enpresei gauzak sinplifikatzea eta enplegua babestea. Europa bidezkoagoa eta gure balio demokratikoak defendatuko dituena behar dugu. Une honetan, sarritan mundua sutan dagoela ematen du, Errusiak Ukrainari erasotzen dio etengabe, eta Gazak egoera ikaragarria du. Bada, une honetan, Parlamentu honek espero du Europak aurrerapauso bat ematea, ideia berri eta ausartekin».
«Honexek izan behar du Europaren independentziaren unea», adierazi zuen Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak. Europak bere defentsa eta segurtasuna hartu behar ditu bere gain, bere ekonomiak bultzatuko dituzten teknologiak eta energiak kontrolatu behar ditu, zein gizarte eta demokrazia motatan bizi nahi dugun erabaki behar du, eta munduari irekita egon behar du.
Ukrainari dagokionez, Von der Leyenek Errusiaren gaineko presioa handitzeko planak iragarri zituen, barnean direla hemeretzigarren zehapen sorta eta Errusiako erregai fosilekiko independentziaren bizkortzea. Batzordeak «Qualitative Military Edge» programa ere proposatuko du, Ukrainako indar armatuetan inbertitzen laguntzeko, bai eta «Eastern Flank Watch» ekialdeko muga zaintzeko ekimena ere, Europari gaitasun estrategiko independenteak emateko. «Europa erabat solidarizatzen da Poloniarekin», baieztatu zuen, Errusiako droneek Poloniako eta Europako aire espazioa «zuhurtziarik eta aurrekaririk gabe» bortxatu zutela ikusita.
Gazako gerrari dagokionez, Von der Leyenek esan zuen «gizakiak eragindako gosetea ezin dela inoiz gerrako arma izan. Haurren onerako, gizateriaren onerako, hori gelditu egin behar da». Batzordearen asmoak iragarri zituen: «Israeli ematen diogun aldebiko laguntza etetea», muturreko ministroei eta kolono bortitzei zehapenak ezartzea proposatzea eta Elkartze Akordioaren kapitulu komertziala partzialki etetea. Europaren helburuak hau izan behar du: «benetako segurtasuna Israelendako eta orain eta etorkizun seguruak palestinar guztiendako. Eta horrek esan nahi du bahituak askatu egin behar direla», azpimarratu zuen.
Lehiakortasunari eta merkatu bakarrari dagokienez, Von der Leyen presidenteak azpimarratu zuen euro digitalak eta aurrezkien eta inbertsioen batasunak gauzak erraztuko dizkietela enpresei eta kontsumitzaileei. Era berean, «Scaleup Europe» izeneko funts bat iragarri zuen, mila milioi eurokoa, funtsezko eremu teknologikoetan hazkunde azkarra duten enpresa gazteetan inbertsio handiak egiteko; eta honako hauek ere iragarri zituen: Europan baterien ekoizpena bultzatzeko pakete bat, «kalitatezko enpleguari buruzko lege» bat, eta pobreziaren aurka borrokatzeko Europako estrategia bat, hemendik 2050era pobrezia ezabatzen laguntzeko.
Estatu Batuekin egindako merkataritza akordioari dagokionez, honako hau esan zuen: «Zalantzarik gabe, akordiorik onena dugu», eta esan zuen egonkortasuna ematen duela eta merkataritza gerra sakona saihesten duela.