Deialdiaren aurrekontua 60.000 eurokoa da, eta eskabideak aurkezteko epea urriaren 31n akitzen da.
Deialdi horri “SIC bonuak” esaten zaio, eta horren helburua da ETEak eta SINAIko eragileak ikerketa zientifikoa, garapen teknologikoa eta berrikuntza (I+G+B) finantzatzeko programa komunitarioetara aurkez daitezen sustatzea. Horretarako, diruz lagunduko dira programa komunitarioetara aurkezten den proiektuaren proposamena egin duten aholkularitza enpresak kontratatzeko gastuak.
Laguntzaren zenbatekoa gastu diruz lagungarriaren % 80 izanen da, baina ezin izanen ditu gainditu oinarrietan ezarritako gehienekoak. Kopuru hori gehienez 15.000 eurokoa izanen da, proiektuaren koordinatzailea ETE bat bada eta 5 bazkide edo gehiago baditu, eta gutxienez 2.000 eurokoa, baldin eta eskatzailea SINAIko eragile bat bada eta 5 erakunde baino gutxiagoko partzuergo batean bazkide gisa parte hartzen badu.
Diruz lagundu daitezkeen Europako programak
Programa hauetarako eska daiteke dirulaguntza: Horizon Europe; EURATOM ikerketa- eta prestakuntza-programa; Europa Konektatzeko Mekanismoa; Europa Digitala; Merkatu Bakarra; Europako Programa Espaziala; LIFE: Ingurumen eta Klima Ekintzarako Programa; Interreg Sudoe eta Espazio Atlantikoa; Europa Sortzailea; EU4Health; Europar Batasuneko Babes Zibileko Mekanismoa eta Europako partenariatuen I+G+b arloko norgehiagokako deialdiak (adibidez, European Partnerships, ur-jauziko finantzaketa…)