Batzordea iritziak biltzen ari da elektrifikazioa bultzatzeko eta hozte eta berotze sistemak deskarbonizatzeko proposamenak aurkeztu aurretik
Batzordeak hainbat deialdi egin ditu iritzi publikoa biltzeko, Industria Garbiaren aldeko Ituna eta Energia Eskuragarriaren aldeko Ekintza Plana erabat aplikatzeko funtsezkoak izanen diren bi ekimeni buruz: elektrifikaziorako ekintza-plana eta berotze eta hozte estrategia.
Elektrifikaziorako Ekintza Planak EBko energia-kontsumoaren elektrifikazio errentagarria bizkortzeko eta egon daitezkeen oztopoei aurre egiteko modua ezarriko du. Berotze eta hozte estrategiak indarrean dagoen legeria aplikatzen lagunduko du, eta efizientzia hobetzeko moduak proposatuko ditu energia-azpiegituren plangintzan, hiri-berokuntzan eta hondar-beroaren berreskurapenean.
Bi ekimenek – elkarri lotuta daude eta datorren urtearen hasieran onartzea aurreikusten da – EBko herritarrei eta enpresei lehiakortasuna, eskuragarritasuna, segurtasuna eta jasangarritasuna emateko ahaleginak babestuko dituzte.
Dan Jørgensen Energia eta Etxebizitzako komisarioak honako hau baieztatu zuen: «Europak zero emisio garbiko ekonomia baterantz aurrera egin dezan, gure energia-sistemak bultzatu behar du elektrizitate garbia, tokiko ekoizpenekoa eta seguruagoa. Elektrifikazioa bultzatzeko eta berotze eta hozte sistemak deskarbonizatzeko gure planek industriari eta eraikuntzaren eta mugikortasunaren sektoreei lagunduko diete, erregai fosil kutsatzaileen ordez deskarbonizatutako energia erabil dezaten prezio lehiakorretan. Horrek mesede egiten dio ekonomiari eta klimari».
Deialdiak «Esan zer pentsatzen duzun» atarian daude eskuragarri. Alderdi interesdunek dokumentazioa aurkeztu eta galdetegiari erantzuten ahalko diote 2025eko azaroaren 20ra arte.