Gobernu bilkuraren ondoren, Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria agertu da Planetarioa berreraikitzeko eta martxan jartzeko egungo egoeraren eta ondoko urratsen berri emateko.

Esnaolak adierazi du dagoeneko badagoela sutearen ondorengo kalteen balorazio osoa, 2,2 milioi eurokoa, eta orain jarduketak hiru eremutan zentratzen direla: Tornamira aretoa birgaitzea, eraikina osorik eraberritzea eta Planetarioaren jarduera eguneratzea, berriz ere zientzia eta astronomia eta berrikuntza zabaltzeko abangoardiako gune bat izan dadin.

Areto horren hornidura teknologikoaren lizitazioa urteko hirugarren hiruhilekoan argitaratzea aurreikusten da, 3 milioi euro inguruko kostuarekin.

Eraikina birgaitzeari eta berritzeari dagokionez, obra bi fasetan eginen da: lehenengoa fatxadako jarduketa izanen da, eraikinaren energia-efizientzia hobetzeko. Hobekuntza horrek 658.000 euroko laguntza-lerro bat izanen du Europar Batasuneko Next Generation funtsen kargura. Bigarren fasea barnealdeko obrei dagokie, espazioak birbanatzeko eta ekipamenduak eta instalazioak berritzeko.

Datozen egunetan proiektu arkitektonikoa idazteko eta obra zuzentzeko lizitazioa argitaratuko da. Honako hauek aurreikusten ditu: inguratzailearen birmoldaketa, espazioaren barne-birbanaketa Planetarioaren jarduera berria hartzeko, ekipamenduak berritzea eta ekipoak eta instalazioak modernizatzea. Azaroan entregatuko dela aurreikusten da, eta data horretatik aurrera obren lizitazioa prestatuko da, 2026an zehar egiteko aurreikuspenarekin. Proiektu arkitektonikoak 2,5 milioi euroko balioa du.

Informazio gehiago