Europar Batasunak eta Estatu Batuek adierazpen bateratu bat egin dute; horren bidez, esparrua ezarri dute itsasoz gaindiko merkataritza eta inbertsioa ekitatiboa, orekatua eta bi aldeentzat onuragarria izan daitezen. Adierazpen bateratu horrek berretsi egiten du Von der Leyen presidenteak eta Trump presidenteak uztailaren 27an lortutako akordio politikoa, eta akordio horretan oinarritzen da.

Adierazpen bateratuak zehatz-mehatz ezartzen du Estatu Batuek EBri jarritako muga-zergen araubide berria; gehieneko muga-zerga % 15 da, dena barne, EBko esportazio gehien-gehienentzat, baita sektore estrategikoetan ere, hala nola automobilak, farmazia-produktuak, erdieroaleak eta zura. Dagoeneko % 15eko edo hortik gorako NMF muga-zergak (muga-zerga onuragarrienen nazioak) dituzten sektoreek ez dute muga-zerga gehigarririk izanen.

Automobilei eta automobil-piezei dagokienez, Estatu Batuetako gehieneko muga-zerga (% 15) aplikatuko da EBk Estatu Batuetako produktuei muga-zergen murrizketa aplikatzen hastearekin batera.

Gainera, irailaren 1etik aurrera, hainbat produktu-taldek araubide berezia izanen dute, NMF muga-zergak baino ez baitzaizkie aplikatuko. Horien artean agertzen dira eskuragarri ez dauden natura-baliabideak (adibidez, kortxoa), aireontzi eta aireontzi-pieza guztiak, farmazia-produktu generikoak eta haien osagaiak eta aitzindari kimikoak. Gainera, Von der Leyen presidentearen uztailaren 27ko adierazpenarekin bat, bi aldeek adostu dute ahaleginduko direla araubide hori produktuen beste kategoria batzuetara zabaltzen, EBrentzat funtsezkoa baita.

Erronka komunak eta lankidetzaren abantailak aintzat hartuta, EBk eta Estatu Batuek asmoa dute ahalegina egiteko beren ekonomiak altzairuaren eta aluminioaren sektoreen gehiegizko ahalmenetik babesteko, eta aldeen arteko hornidura-kate seguruen alde lan egiteko, baita ere altzairuaren eta aluminioaren eta haien produktu eratorrien EBko esportazioetarako muga-zergen kontingenteen bidez.

Europar Batasunak uste osoa du muga-zerga altuak kaltegarriak direla munduko ekonomiarentzat, baina negoziatu den emaitzak gorakada  kaltegarria saihetsi du, eta elkarrizketa iraunkorrerako eta itsasoz gaindiko harremana garatzeko oinarriak ezarri ditu, baita interes estrategiko komuneko esparruetan ere.

Gaur egun, itsasoz gaindiko harremana munduko baliotsuena da, urtean 1,6 bilioi eurokoa. Akordioak harreman hori eta EBko milioika lanpostu babesten ditu.

Batzordeak laster betearaziko ditu akordioaren alderdi nagusiak, EBko estatu kideen eta Europako Parlamentuaren laguntzarekin eta dagozkion barne prozeduren arabera. EBk, halaber, akordio bat negoziatuko du Estatu Batuekin merkataritza ekitatiboa eta orekatua izateko, bi aldeentzat onuragarria, adostutakoarekin eta aplikagarriak diren prozedurekin bat.

Informazio gehiago