Europako Batzordeak 42.800 miloi euro eman dizkie, osotara, bost estatu kideri (Italia, Portugal, Zipre, Malta eta Espainia), Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) esparruan, NextGenerationEUren osagai nagusia baita. Ordainketa horien bidez, Batzordeak estatu kideen hazkunde ekonomikoari eta erresilientziari lagundu nahi die, eta herrialdeei dirulaguntzak ematen dizkiete dagokien Suspertze eta Erresilientzia Planean ezarritako erreforma eta inbertsioetan egiten dituzten aurrerapausoen arabera.
Batzordeak 23.100 milioi euro ordaindu dizkio Espainiari; Suspertze eta Erresilientziaren (SEM) esparruan egin den bosgarren ordainketa da. Ordainketa horren barruan 7.000 milioi euro eman dira dirulaguntzetan eta 16.000 milioi euro maileguetan. Ordainketaren bidez, 84 mugarri eta helburutatik, 82 estaltzen dira, 20 erreforma eta 49 inbertsio egiteko aurrerapen handiak barne daudela. Erreformek eta inbertsioek neurriak hartzen dituzte energia berriztagarrien erabilera eta inbertsioa bultzatzeko, burokrazia murrizteko eta energia-iturri garbiak sare elektrikoarekin hobeki konektatuta egotea bermatzeko, Finantza Jasangarrien Kontseilua sortzeko, eremu horretan lankidetza publiko-pribatua sustatzeko foro gisa, eta justiziaren efizientzia hobetzeko. Halaber, inbertsioak egiten ditu distantzia laburreko tren-bidaietarako eta herritarren eta ETEen erresilientzia indartzeko zibersegurtasunaren arloan, zibersegurtasunaren sektorea bultzatuz eta enpresa berritzaileei laguntza emanez.
Ordainketa horren 139 milioi euro, gutxi gorabehera, laugarren ordainketa-eskaeran bertan behera utzi zen helburu bati lotuta daude. Helburu hori zen enpresa txiki eta ertainak (ETEak) digitalizatzen laguntzea. Espainiak orain bete ditu baldintzak, eta funts horiek askatzeko aukera eman du.
Aldi berean, 500 milioi euro inguruko ordainketa eten da bosgarren ordainketa-eskaeraren dirulaguntza-osagaiarekin lotutako bi mugarritarako, erreforma fiskal bati eta eskualdeko eta tokiko erakundeen digitalizazioari buruzkoak, une honetan bete gabekotzat jotzen batira. Espainiak sei hilabete ditu orain mugarri horiek behar bezala gauzatzeko.
Halaber, 627 milioi euro inguruko zenbateko gehigarria eten da, funtzio publikoko aldi baterako enpleguaren erreformarekin lotutako mugarri bat lehengoratu delako. Zenbateko hori aldez aurretik ordaindu zen, Espainiako lehendabiziko ordainketa-eskaeraren zati gisa. Batzordeak zenbateko hori kendu du orain bosgarren ordainketa-eskaeratik, helburua jada ezin baita behar bezala betetzat jo. Espainiak orain sei hilabeteko epea dauka mugarri hori behar bezala betetzeko neurri gehigarriak hartzeko.
Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren esparruan Espainiari ordaindutako guztizko funtsak 71.000 milioi eurokoak dira une honetan, hau da, guztizko esleipenaren % 44. Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Plan Orokorra 163.000 milioi eurorekin finantzatzen da, dirulaguntza eta maileguen bidez.