Plaka fotovoltaiko bat ezarri da eraikinean; horretarako, 89.000 euro inbertitu dira, gutxi gorabehera, eta zenbateko horren % 40 Europako funtsetatik dator

Berriki Nafarroako Artxibo Garaikidearen eraikinean plaka fotovoltaiko bat jartzeak islatzen du Foru Komunitateak energia berriztagarrien aldeko apustua egiten duela bere energia ereduan.

69,30 kilowatteko plaka da, 44 kilowatt orduko bateria duena. Proiektua Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak kudeatu du, eta guztira 88.914 euroko inbertsioa egin da. Inbertsio horren % 40 (hau da, 35.565 €) Eskualde Garapeneko Europako Funtsarekin (EGEF) finantzatu da, eta Nafarroako EGEF 2021-2027 programaren “Autokontsumoko energia berriztagarriak ezartzea sustatzeko laguntzak” izeneko 2.2 berariazko helburuaren barnean kokatzen da.

Proiektuak eskualdearen jasangarritasunarekiko eta trantsizio energetikoarekiko konpromisoa islatzeaz gain, Nafarroako Artxibo Garaikideari independentzia energetiko handiagoa dakarkio, bai eta aurrezki ekonomikoa ere egoitzaren urteko kostuetan, han gordetzen baita Nafarroako dokumentu-ondarearen zati handi bat.

Nafarroako Artxibo Garaikidearen egoitza Cordovillako SuperSer etxetresna elektrikoen lantegi zaharrean dago; lantegi hori joan den mendeko 60ko hamarkadaren erdialdean eraiki zen. Eraikina zaharra denez, ez dago isolamendu-sistemarik; horregatik, Artxiboaren kontsumo elektrikoa oso altua da.

Plaka fotovoltaikoa instalatu da Nafarroako Gobernuko Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak egindako azterlan baten ondorioz. Azterlan horretan ondorioztatu zen Artxiboaren eraikinean horrelako instalazio bat jartzen ahal zela autokontsumorako, arazo tekniko handirik gabe.

Informazioa