Batzordeak informazioa eskatzen du bi arau-proiektu garrantzitsuri buruz, energia-merkatuen gardentasuna eta ekitatea areagotzeko helburua baitute. Arau horiek energiaren handizkako merkatuaren osotasunari eta gardentasunari buruzko (REMIT) 1227/2011 (EB) Erregelamenduaren esparruan garatzen ari dira. Erregelamendu hori 2024an aldatu zen, eta merkatuko parte-hartzaileen arteko lehia sustatzen laguntzen du, energia-merkatuen gardentasuna hobetzen eta merkatuaren manipulazioa prebenitzen baitu. Informazioa aurkezteko epea irekita egonen da 2025eko irailaren 15era arte.
Europar Batasuna arau berriak proposatzen ari da (erregelamendu delegatu bat), energia-merkatuari buruzko informazio pribilegiatua nola erabili eta eman behar den arautzeko eta jakinarazpen-mekanismo ofizialak definitzeko. Horrek berekin dakar energia-merkatuaren datuak EBko Energiaren Erregulatzaileen Lankidetzarako Agentziari (ACER) bidaltzen dizkioten entitateak hobeki gainbegiratzea. Helburua da entitate horiek baimentzeko eta gainbegiratzeko prozesua erraza eta bidezkoa izatea. Erantzuteko epea bukatuta eta jasotako ekarpenak aztertu ondoren, Batzordeak arau horiek onetsiko ditu, eta Parlamentuak eta Kontseiluak bi hilabeteko epea izanen dute kontrako arrazoiak aurkezteko. Hala egin ezean, Erregelamendu Delegatua indarrean sartuko da.
Bestaldetik, indarrean dagoen 1348/2024 Betearazpen Erregelamendua (EB) aldatzeko proposamena dago, datuen jakinarazpenari buruzkoa baita. Horrek berekin dakar energia-merkatuaren datuak ACERi jakinarazteko modua hobetzea, eta, horrela, ACERek aukera izanen du energiaren handizkako merkatuak hobeki gainbegiratzeko eta merkatuan izan daitezken abusuak detektatzeko. Haren helburua da esparru orekatua ezartzea, merkatuko parte-hartzaileek ACERi datuak eman diezazkioten, eta ahal denean, jakinarazpenen karga arintzea. Feedbacka izateko epea bukatuta eta jasotako ekarpenak aztertu ondoren, Batzordeak Betearazpen Erregelamendu gainbegiratua aurkeztuko du eta dagokion Komitologia Komiteak bozkatuko du (EBko herrialde bakoitzeko ministerioetako eta agintari arautzaile nazionaletako ordezkarien talde bat). Bozketa aldekoa bada, Batzordeak Betearazpen Erregelamendua onetsiko du.
Aurreikusten da arau horiek onetsi eta indarrean sartuko direla 2026aren hasieran. Indarrean sartu ondoren, arau gehienak ez dira zuzenean aplikatuko, trantsizio aldia egonen baita, merkatuko parte-hartzaileak eta beste eragile garrantzitsu batzuk izan diren aldaketetara egoki daitezen.