Construcciones Adolfo Sobrino-Erki Construcción Sostenible ABEEak birmoldatuko ditu nabeak; lizitazioaren prezioa 6,5 milioi euro da

Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuari atxikitako eta Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoan (NEKP) txertatutako Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA (NASUVINSA) enpresa publikoak Iruñeko Taxoare kaleko 18an dauden nabeak birgaitzeko eta egokitzeko obrak esleitu ditu, dagokion lizitazio publikorako prozesuan; toki horretan egonen da Industrializazioko eta Eraikuntzari eta Arkitekturari aplikatutako Robotikako Zentroaren etorkizuneko egoitza (BAI).

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak enkargatu du BAIren proiektua, eta esleitu zaio Construcciones Adolfo Sobrino eta Erki Construcción Sostenible enpresek osatzen duten aldi baterako enpresa-elkarteari, 6.456.367 euroko lizitazio-prezioarekin (BEZa kanpo). Aurreikusten da obrak abuztuan hasiko direla.

Zuricheko ETHko ordezkariek etorkizuneko egoitzaren nabeak bisitatu ondoren egin zen esleipena; ETH zentro laguntzailea da eta BAIren lehen prestakuntza-titulu propioa aitortuko du, zeina bi espezializaziotan egituratuta egonen baita: batak diseinuaren oinarrietan eta eraikuntzaren berrikuntzan jarriko du arreta, eta besteak diseinu aurreratua eta industrializazioa izanen ditu ardatz.

Zentroaren egoitza 3.189 m²-ko lurzati batean eraikiko da, eta 3.246,90 m²-ko azalera erabilgarri eraikia izanen du; laborategiak, lantegiak, ikerketarako eremuak eta irakaskuntzarako guneak izanen ditu, prestakuntza aurreratua eta berrikuntza teknologikoa eraikuntza industrializatuan sustatzeko, robotika eta 3D-ko inprimaketa ardatz estrategiko gisa hartuta.

Building & Architecture Institute (BAI) Francisco Mangado eta Andrea Deplazes arkitektoek diseinatu dute, eta eraikuntzari eta arkitekturari aplikatutako industralizazioan eta robotikan erreferente izateko helburuarekin sortu da. Europar Batasunak kofinantzatu du proiektua, Next Generation EU funtsen bidez, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, eta Industria eta Turismo Ministerioaren finantzaketa osagarria jaso du.

BAIren xedea da 2026an zehar erabat erabilgarri egotea, eta ikerketa, irakaskuntza eta industria-garapenerako nodo estrategiko bihurtzea Nafarroako Komunitatearentzat.

Informazio gehiago