EBko herritarrak ez dira Europar Batasunaren barnean mugitzeko askatasuna duten bakarrak. EBk maskotekin bidaiatzeari buruz harmonizatu dituen arauei esker, zure katuek, txakurrek eta baita hudoek ere badute eskubide hori. Uda honetan zure lau hankadun lagunekin EBn barna bidaiatzen baduzu, maskotendako EBko pasaportea eguneratua dutela ziurtatu besterik ez duzu.
EBko maskotendako pasaportean maskotaren deskribapena eta datuak ageri dira, mikrotxipa edo tatuaje-kodea barne, baita amorruaren aurkako txertaketaren erregistroa eta pasaportea eman zuen albaitariaren harremanetarako datuak ere. Baimendutako edozein albaitarirengana joz eskura dezakezu EBko maskoten pasaportea zure txakur, katu edo hudoarendako. Amorruaren aurkako txertoa eguneratuta egotea da ezarritako baldintzarik garrantzitsuena, eta EBkoa ez den herrialde batetik EBra bidaiatzen duten maskotei ere ezartzen zaie baldintza hori. Eta, Echinococcus multilocularis teniarik ez daukan herrialde batera bidaiatuz gero (esaterako, Finlandia, Irlanda, Malta, Norvegia edota Ipar Irlandara), garrantzitsua da zure maskotak tenia horren aurkako tratamendua jaso izana.
Badira salbuespen batzuk kontuan hartu beharrekoak. 2021az geroztik, Britainia Handiko egoiliarrei eman zaizkien EBko maskotendako pasaporteek ez dute baliorik Britainia Handitik EBko herrialde batera edo Ipar Irlandara maskotekin bidaiatzeko. Gogorarazi behar da, orobat, EBko maskotendako pasaporte batek katu, txakur eta hudoendako baizik ez duela balio. Zure maskota hegazti, narrasti, karraskari edo untxi bat bada, bisitatu nahi duzun herrialdeko araudi nazionala kontsultatu behar duzu hara sartzeko baldintzei buruzko informazioa eskuratzearren.
EBkoa ez den herrialde batetik bidaiatzen baduzu zure maskotarekin, EBko ziurtagiri zoosanitario bat aurkeztu behar duzu. EBko maskotendako pasaportean bezala, EBko ziurtagiri zoosanitarioan ere ageri da maskotaren osasunari, nortasunari eta amorruaren aurkako txertaketari buruzko informazioa. Zure herrialdeko albaitari ofizial batek eskuratu behar dizu, zure maskota EBra iritsi aurreko 10 eguneko epean. Bestalde, EBko maskotaren ziurtagiri zoosanitarioari idatzizko adierazpen bat erantsi behar diozu, lekualdaketak merkataritza-helbururik ez duela dioena.
Zure bidaian bost maskota ere eraman ditzakezu, baina txakur, katu edo hudo gehiago badaramatzazu, frogagiri bat aurkeztu behar duzu lehiaketa, erakusketa edo kirol-ekitaldi batean parte hartuko dutela eta sei hilabete baino gehiago dituztela egiaztatzeko. Bidaian zure maskotarekin batera joatekoa ez bazara, beste norbait idatziz baimendu behar duzu harekin batera bidaiatzeko. Hala ere, zure maskotarekin elkartu beharko duzu, hura lekualdatu eta bost eguneko epean.