Europako Batzordeak 2025eko urriaren 12a finkatu du EBren mugak kudeatzeko Sarrera eta Irteera Sistemaren (EES) eragiketak apurka abiarazteko. Sistema horrek digitalki erregistratuko ditu Europako 29 herrialdetara (Schengen esparruko herrialdeak barne) egonaldi laburretarako datozen hirugarren herrialdeetako herritarren sarrerak eta irteerak.
EESek datu biometrikoak erregistratuko ditu, hala nola hatz-markak eta aurpegiko irudiak, baita bidaiei buruzko beste datu batzuk ere, eta pasaporteak zigilatzeko egungo sistema ordeztuko du pixkanaka. Horrela, Europar Batasunaren kanpoko mugen kudeaketa digitalizatu eta hobetu nahi da.
Sistemak muga-gurutzatzeei buruzko datu fidagarriak emanen ditu, eta sistematikoki detektatuko du noiz gainditzen den baimendutako egonaldia eta noiz gertatzen diren dokumentuei eta nortasunei loturiko iruzurrak. Hori lagungarria izanen da irregulartasunak prebenitzeko eta Europako herritarren segurtasuna areagotzeko. Gainera, muga-kontrol automatizatuen erabilera areagotuta, bidaiak arinagoak izanen dira.
Datorren urriaren 12tik aitzina, EBko estatuak mugen sistema digitala ezartzen hasiko dira pixkanaka sei hilabetez. Mugako agintariek apurka-apurka erregistratuko dituzte mugak zeharkatzen dituzten hirugarren herrialdeetako herritarren datuak, eta, ezarritako epea bukatzean, EESek erabat ezarrita egon beharko du muga-postu guztietan.
Europako Batzordeak sistema pixkanaka ezartzea erabaki du bermatzearren mugako agintariek, garraio-industriak eta ukitutako bidaiariek prozedura berrietara egokitzeko denbora izanen dutela, eta, aldi berean, herrialdeak sistemaren abantailez baliatzen hasten direla.
Hurrengo hilabeteetan, Batzordeak eta Askatasun, Segurtasun eta Justizia Esparruan Neurri Handiko Sistema Informatikoak Kudeatzeko Europako Batasuneko Agentziak (eu-LISA) lankidetzan segituko dute estatu kideekin, EES arin eta modu eraginkorrean hedatzen dela bermatzearren. Era berean, informazio-kanpainak eta kontzientziazio-jarduerak abiaraziko dira mugetan, baita EB osoko aireportuetan ere.