2025eko abuztuaren 1ean ofizialki jarri zen indarrean Operadore Ekonomiko Baimenduaren programetarako EBren eta Kanadaren arteko Elkar Aitortzeko Ituna; hari esker, aduana-lankidetza transatlantikoa indartuko da, munduko hornidura-katean etengabeko etenaldiak dauden honetan.

EBren eta Kanadaren arteko Aduana Lankidetzarako Komite Bateratuak hartutako erabaki horrek ahalbidetu egiten du bi aldeek elkarri aitortzea Operadore Ekonomiko Baimenduaren programa eta Bazkideak Babesean ekimena. Erabakiak aduana-prozedurak arinduko ditu eta, aldi berean, hornikuntza-katearen segurtasuna hasieratik bukaerara arte hobetuko du Atlantikoaren bi aldeetan arauak betetzen dituzten enpresendako.

Merkatariendako funtsezko onurak

  1. Ikuskapenak murriztea eta bidalketak azkartzea: EBko operadore ekonomiko baimenduek eta Bazkideak Babesean ekimeneko kide kanadarrek lehentasunezko tratua izanen dute mugetan, aduanako agintariek haien estatusa positibotzat jo baitute arrisku-ebaluazioetan. Horrek ikuskapen gutxiago eraginen ditu, segur aski, baita bidalketak azkarrago izapidetzea ere; hala, denbora eta kostuak aurreztuko dira merkataritza aldakorragoa den garai honetan.
  2. Betetze sinplifikatua: Elkar Aitortzeko Itunak helburu du segurtasun-kontrol gehiegizkoak kentzea operadore baimenduei; izan ere, Operadore Ekonomiko Baimenduko eta Bazkideak Babesean ekimeneko bazkide komertzialen estatusa kontuan hartzen da aduanako agintaritzak erabakitzen duenean zer kontrol-maila behar den
  3. Datuak etenik gabe trukatzea: EBko eta Kanadako aduana-agintariek egunero eta modu automatizatuan trukatzen dituzte datuak, eta horrek bermatu egiten du Operadore Ekonomiko Baimendua programako eta Bazkideak Babesean ekimeneko bazkideen egoerari buruzko informazioa eguneratua dagoela, baimenak, eteteak edo ezeztatzeak barne, hornidura-katearen osotasuna zainduz horrela.
  4. Jarraitutasun komertzialeko mekanismoa: Bestetik, Elkar Aitortzeko Itunak merkataritza-jarraitutasunerako mekanismo bat aurreikusten du aduanako zereginak azkarragoak izan daitezen merkataritza berrabiarazten denean etenaldiak egon eta gero, hala nola segurtasun-alertak, mugen itxierak edo hondamendi naturalak gertatu ondotik.
  5. Sinesgarritasun global handiagoa: Programa baten zein bestearen abaroan lorturiko baimenak merkatarien ospea indartzen du, bazkide seguru eta fidagarritzat hartzen baitira, eta markaren merkaturatzea eta balio orokorra handitzea dakar horrek.

Bi eskualdeetako aduana-agintariek Elkar Aitortzeko Ituna zabaltzen jarraituko dute, ohiko galderen eta orientazio-dokumentuen bidez eta sektoreko alderdi interesdunekin lankidetzaren jardunez. Merkatariak beren dokumentazioa eguneratzera animatzen ditugu, Operadore Ekonomiko Baimendua programako edo Bazkideak Babesean ekimeneko estatusa dutela islatu dadin eta akordio honen onurak baliatzeko.

Informazio gehiago