Europar Batasunak 22 milioi euro eman dizkio Palestinako Agintaritzari, pazienteak Jerusalem Ekialdeko Ospitaleen Sarera bideratzeko gastuak ordaintzen laguntzeko. Italiak beste milioi bat euro gehiago jarri zituen ordainketa horretarako.
Laguntza horri esker, Jerusalem Ekialdeko ospitaleek modua izanen dute goi-mailako osasun-arretako zerbitzuak ematen segitzeko paziente palestinarrei, Gazakoak eta Zisjordaniakoak barne; izan ere, eremu hartako sei ospitaleak presiopean daude gaur egun, abian den gatazkaren eta Gazako gerrari lotutako erronka ekonomikoen ondorioz.
2013az geroztik, EBk eta estatu kideek laguntza eman diote Palestinako Agintaritzari, eta aldizkako ekarpenak egin dituzte pazienteak Jerusalem Ekialdeko ospitaleetara bideratzeko gastuak ordaintzeko, guztira 213 milioi euro baino gehiagokoak izan baitira. Ospitale horiek Palestinako osasun-sistemaren osagai integrala dira, eta ospitale publikoetan eskuragarri ez dauden zerbitzu mediko espezializatuak ematen dituzte.
Aurtengo ekarpena Palestinaren Susperraldirako eta Erresilientziarako 1.600 milioi euroko Urte Anitzeko Programa Integralaren barnean kokatzen da, eta iazkoarekin alderatuta handitu egin da, gaur egun han dagoen egoera latza dela-eta, eta emaile batzuek finantzaketarik ez dutela ikusita.
Ekainean 150 milioi euro ordaindu ondoren, Palestinako Agintaritzak 172 milioi euroko finantza-laguntza jaso du 2025ean.
Ordainketak egiteko PEGASE Finantza-laguntza Zuzena baliatzen da, laguntza sozioekonomikoa gardentasunez eta segurtasunez kudeatzeko mekanismo palestinar europar bat, alegia. Batzordea Palestinako Emaileen Talde bat sortzen ari da, eta, hartan, PEGASE mekanismoa eskainiko zaie partaide eta emaileei, Palestinako Agintaritzari laguntza bideratzeko sistema segurua baita.