“Programa hau paregabea da pertsona batzuek beren aukerak zabal ditzaten eta esperientzia bikaina lor dezaten goi-mailako erakundeetan. Nahi dut denok gozatzea nik zorte handiz bizi izan nuen esperientzia oparo eta baliotsu hori”, dio Lituaniako Mantas-ek Europako Batzordearen Liburu Urdina Praktiken Programari buruz. Programa 1960an ezarri zen, eta haren bidez EB osoko eta beste herrialde batzuetako 1.000 lagun inguruk modua dute bost hilabeteko esperientzia praktikoa eskuratzeko EBko politiken lanketan eta administrazioan, urtean bitan.

Praktikak ordainduak dira (laguntza ekonomikoa hilean 1.490 € ingurukoa da), eta hautatutako izangaiek aukera izanen dute kultura anitzeko ingurune batean lan egiteko, lanbide-trebetasunak garatzeko eta EBko erakundeen funtzionamendua hobeki ulertzeko. Ez dago adin-mugarik eskatzaileendako. 3 urteko unibertsitate-titulu estandarra eskuratu izana eta gutxienez EBko bi hizkuntza ofizial menderatzea (horietako bat ingelesa, frantsesa edo alemana) baizik ez zaie eskatzen.

Beka eskatzeko, lehenik eta behin, EBn kontu bat sortu beharko duzu saioa hasteko, eta, ondoren, eskaera-inprimakia beterik eta eskatutako egiaztagiriak bidali.

Praktikak martxoan eta urrian hasten dira urtero. Orain hurrengo deialdirako eman dezakezu izena, 2026ko martxotik uztailera bitarteko praktiketarako. Abuztuaren 29ra arteko epea daukazu zure eskaera bidaltzeko.

Gogora ezazu praktikak EBko herritar guztiendako daudela irekita, eta EBtik kanpoko herritarrendako ere badela plaza-kopuru mugatu bat EBko sail espezifiko batzuetan. Esate baterako,Kezia  Indonesiatik etorri zen Liburu Urdinaren praktiketan parte hartzeko: «Sekulako esperientzia da EBtik kanpoko herritar batendako. Europako Batzordearen inklusibitatea izugarri gustatzen zait. Gainera, arkitekto, hirigile eta ikertzaile naizen aldetik, nire ibilbide profesionalean lagunduko didaten trebetasunak eskuratzen ari naiz».

Beraz, bizkor ibili eta bidali orain zure eskabidea!

Informazioa