Europako Batzordeak deialdi bat egin du Haurren Sexu Abusua Prebenitzeko Sare sortu berriarekin bat egin nahi duten hautagaiendako.
Sarea Batzordearen, estatu kideen, ikertzaileen, lehen mailako profesionalen eta funtsezko beste alderdi interesdun batzuen arteko lankidetza eta koordinazioa indartzeko sortu zen. Helburua da EBren legeria, programak eta politikak eraginkortasunez aplikatzen laguntzea adingabeen sexu-abusuaren eta sexu-esplotazioaren prebentzioaren arloan. Sareak prebentzioaren alderdi guztiak jorratuko ditu, barne harturik haurrak laidoztatzeko edo berriz laidoztatzeko arriskua murriztea, eta haurrak biktima bihurtzeko probabilitatea murriztea.
Lankidetza eta jardunbide egokien trukea sustatzeaz gain, Sarea ikerketarako oinarria izanen da, eta funtsezko bazkideekin izan beharreko lankidetza erraztuko du, bai EBn, bai nazioartean, eta, aldi berean, laguntza emanen die Batzordeari eta estatu kideei, prebentzio-programak eraginkortasunez aplika daitezen.
Sarea sortuz, Batzordeak EBren Estrategiaren funtsezko ekimen bat betetzen du, adingabeen sexu-abusuaren aurka modu eraginkorragoan borrokatzekoa, eta berretsi egiten du prebentzioarekin duen konpromisoa, elementu nagusitzat harturik adingabeen sexu-abusuaren aurkako borrokan.
Hautagaiendako deialdia irailaren 15era arte egonen da zabalik adingabeen sexu-abusua eta sexu-esplotazioa prebenitzeko esparruan diharduten banakako adituendako eta erakundeendako.