Muga-zergei eta merkataritzari buruzko akordio bat lortu dugu Estatu Batuekin.
Gaurko akordioak ziurtasuna ematen du ziurgabetasun-garaietan. Egonkortasuna eta aurreikuspenerako ahalmena ematen die Atlantikoaren bi ertzetako herritarrei eta enpresei. Munduko bi ekonomia handienen arteko akordio bat da. 1,7 bilioi dolar estatubatuar trukatzen ditugu urtean. Elkarrekin, 800 milioi pertsonako merkatua gara. Eta munduko BPGaren % 44 osatzen dugu ia. NATOren goi-bileratik aste gutxi batzuk iraganik, funtsezko bigarren zutabe honek Atlantikoaz gaindiko aliantza berresten du.
Utzi iezadazue xehetasunak azaltzen. % 15eko muga-zerga egonkor bakarra ezarri dugu EBko esportazio gehienetarako. Muga-zerga hori aplikatzen zaie sektore gehienei, automobilgintzaren, erdieroaleen eta farmazia-produktuen sektoreak barne. % 15 hori muga argia da. Metaketarik gabe. Dena hartzen du barnean. Hortaz, gure herritarrek eta enpresek behar duten argitasuna ematen du. Hori guztiz erabakigarria da.
Gaur “zero zeroren truke” motako muga-zergak ere adostu ditugu zenbait produktu estrategikorentzat. Hona hemen produktu horietako batzuk: aireontzi guztiak eta haien osagaiak, produktu kimiko batzuk, sendagai generiko batzuk, erdieroaleen ekipoak, nekazaritzako produktu batzuk, natura-baliabideak eta funtsezko lehengaiak. Eta lanean jarraituko dugu zerrenda horri produktu gehiago gehitzeko.
Altzairuaren eta aluminioaren arloan, EBk eta AEBk kanpo-erronka komuna dute, gehiegizko gaitasun globalarena, alegia. Lankidetzan ariko gara bidezko lehia globala bermatzeko. Gure arteko oztopoak murrizteko, muga-zergak gutxituko dira eta kuoten sistema bat ezarriko da.
Energiaren arloko lankidetza ere areagotuko dugu. Estatu Batuetako energia-produktuak erostean, gure hornidura-iturriak dibertsifikatuko dira, eta Europaren energia-segurtasuna hobetuko da. Errusiako gasaren eta petrolioaren ordez, Estatu Batuetako gas natural likidotua (GNL), petrolioa eta erregai nuklearrak handizka erosiko ditugu.
Estatu Batuetako AAko txipak lagungarriak izanen dira AAko gure gigafabrikak bultzatzeko, eta Estatu Batuek abantaila teknologikoari eusten ahalko diote.
Akordio honen bidez, gure enpresek aurreikuspenerako ahalmen handiagoa izanen dute. Garai nahasi hauetan, hori beharrezkoa da enpresek planifikatu eta inbertitu ahal izan dezaten. Muga-zergak berehala murriztuko direla bermatzen dugu, eta horrek inpaktu argia izanen du gure enpresen emaitzetan. Gainera, akordio honen bidez, dugun esportazio-merkaturik handienera iristea ziurtatzen dugu. Aldi berean, Estatu Batuetako produktuak errazago sartzen ahalko dira gure merkatuan. Hori Europako kontsumitzaileen mesederako izanen da, eta gure enpresen lehiakortasuna handituko da. Akordio honek esparru bat ematen du produktu gehiagoren gaineko muga-zergak are gehiago murrizteko, muga-zergez bestelako oztopoei heltzeko eta segurtasun ekonomikoaren arloan lankidetzan aritzeko. Izan ere, EBk eta AEBk elkarrekin lan egiten dutenean bazkide gisa, onurak nabarmenak dira bi alderdientzat.
Aldi berean, benetako kanpo-politika ekonomikoa eraikitzen ari gara. Horretarako, etxetik hasi gara. Neurri ausartak hartzen ari gara Europa lehiakorragoa, berritzaileagoa eta dinamikoagoa izan dadin. Gure merkatu bakarrak 450 milioi kontsumitzaile ditu, eta gure aktiborik handiena eta gure babeslekua da, bereziki garai nahasietan.
Halaber, merkataritza-aliantza berriak sortzen ari gara mundu guztian, jada ditugun 76 aliantzez gain. Azken hilabete hauetan, negoziazioak burutu ditugu Mercosur, Mexiko eta Indonesiarekin. Mundu ezegonkor honetan, Europa bazkide fidagarria da. Eta gure oparotasuna babesten lagunduko duten akordioak lortzen jarraituko dugu.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiot pertsonalki Trump lehendakariari, aurrerapen hau lortzeko izandako konpromisoagatik eta lidergoagatik. Negoziatzaile sendoa da, baina baita negoziatzaile aditua ere. Eskerrak eman nahi dizkiet Maroš Šefčovič komisarioari eta haren taldeari, egindako lan nekaezinagatik eta zuzendaritza bikainagatik; haiek egin dute lan astunaren zatirik handiena. Eta eskerrak eman nahi dizkiet estatu kideei, beren konfiantzagatik eta konpromisoagatik. Gure batasuna da gure indarra, herrialde barnean nahiz kanpoan. Gogor jarraituko dugu lanean, europar guztien onerako.