Europako Batzordearekin eta kontsumoaren arloko estatu-agintaritzetako Kontsumitzaileak Babesteko Lankidetza Sarearekin (CPC) hitz egin ondoren, Expedia y Lastminute.com enpresek konpromisoa hartu dute kontsumitzaileei beren eskubideen berri hobeki emateko, eta hegazkin-txartelen dirua 14 eguneko epean itzultzea bermatzeko baldin eta hegazkin-konpainiak hegaldia bertan behera uzten badu.
Suediako Kontsumitzaileen Defentsarako Agentzia izan da elkarrizketa horren buru, eta helburua zen online bidaia-agentziak bultzatzea beren borondatez zenbait jardunbide egin ditzaten kontsumitzaileen babesa hobetze aldera eta haien eskubideen jakitun izan daitezen, baita plataforma horiek EBko legedia betetzea ere. 2023ko ekintza koordinatu bat da, Kontsumitzaileak Babesteko Lankidetza Sareak zuzendua, eta haren bidez konpromiso berak hartuak zituzten Edreams ODIGEO, Etraveli Group eta Kiwi.com enpresek. Horrela, jada bost online bidaia-agentzia handik bere egin dituzte konpromisoak.
Lastminute.com enpresak adostu du konpromiso gehienak 2025eko uztailaren 1etik aurrera aplikatzea, eta konpromiso guztiak aplikatzea 2025eko irailaren 1ean beranduenez; Expediak, berriz, adierazi du bere jardunbideak jada adostutako konpromisoekin bat datozela.
CPC sareak gainbegiratuko du ea Expedia eta Lastminute.com enpresek behar bezala eta adostutako epean betetzen dituzten konpromisoak. Sareak aurrerantzean ere gainbegiratuko du, halaber, ea Edreams ODIGEO, Etraveli Group eta Kiwi.com enpresek konpromisoak betetzen dituzten. Gainera, sustatuko du online bidaia-agentzia gehiagok konpromiso horiek bere egitea.