Lurralde Kohesiorako Departamentuko Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusi Berta Miranda Noain Elortzibarren egon da, bertatik bertara ikusteko nola aurreratzen ari diren Nafarroako terminal intermodala hobetzeko eta modernizatzeko lanak. Lan horiek maiatzean hasi ziren, eta urte honen bukaeran burutuko dira, ziur aski.

Bestalde, Nafarroako terminal intermodalaren zuzendari Pablo Garcíak baieztatu du lanen bigarren fasea hasi dela, terminala eraisteko prozesua bukatu ondoren. Jada hasi dira zorua prestatzen, bide berriak eta edukiontzien zelaigunea eraikitzeko. Garcíak azpimarratu duenez, “proiektu honek erakusten du zerbitzurik onena eman nahi diegula Nafarroa iparraldeko eta Frantzia hegoaldeko bezero guztiei, ingurumena errespetatuta eta prezio lehiakorrak eskainiz kate logistikoan”.

Hutchison Ports Best da Bartzelonako portuko edukiontzi-terminal nagusia, eta 2024ko irailean ADIFen emakida lortu zuen datozen 15 urteetan Nafarroako terminal intermodala ustiatzeko. Hala, enpresak adierazi duenez, 10 milioi euro inguruko inbertsioa eginen da, Europako Batzordeko Next Generation funtsekin finantzatua, tren-instalazioa hobetzeko eta handitzeko.

Nafarroako terminal intermodaleko zuzendariak ziurtatu duenez, zabaltze-lanei esker, “ia hirukoiztu eginen da terminalaren egungo espazioa, eta 42.000 metro koadro izanen ditu”. Bestalde, proiektuan ezartzen denez, 550 metroko bi bide berri eraikiko dira, eta azalera handiagoko zelaigune bat, trenbidea ezartzeko eta edukiontziak gordetzeko.

Esparru horretan, terminaleko zuzendariak gaineratu duenez, “inbertsioaren zati bat erabiliko da garabi guztiz elektrikoak jartzeko, gaur egungo Rech Stackers garabien ordez, diesela erabiltzen baitute. Horrela, erabiltzaileei lagunduko zaie beren kate logistikoa deskarbonizatzen”.

Informazioa