EBk, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren bidez (NBEUF), Nafarroako erlezaintza babesteko inbertsioen % 50 ordaintzen ditu.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak erlezaintzaren sektorerako laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri ditu 2025-2027 aldirako, eta onetsi du 136.545,48 euroko dirulaguntzak ematea 2025eko kanpainak erlauntzak ekoizteko, merkaturatzeko eta babesteko. EBk, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren bidez (NBEUF), Nafarroako erlezaintza babesteko inbertsioen % 50 ordaintzen ditu.
Dirulaguntzen prozedura honetan parte hartzen ahal dute bai erregistratutako ustiategien titular diren pertsona fisikoek, erantzukizun zibileko asegurua badute, bai pertsona juridikoek edo erlezainen elkarteek. 2024-2025 kanpainarako laguntza-eskaerak aurkezteko epea abuztuaren 18an bukatuko da. Pertsona juridikoek Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztu behar dituzte eskaerak, Nafarroako Gobernuko izapidearen fitxaren esteka honetan, non prozeduraren betekizunei buruzko informazio guztia agertzen baita. Pertsona fisikoek ere bide hori erabil dezakete eskaerak aurkezteko, edo Nafarroako Gobernuaren aurrez aurreko erregistroetara joan daitezke, edo 39/2015 Legean ezarritako beste edozein tokitara.
2025eko kanpainari dagokionez, aurrekontuaren erdia eztiaren ekoizpena eta merkaturatzea hobetzera bideratuko da, eta gainerako % 50a, erlezainei aholkuak eta prestakuntza ematera, gaixotasunak eta fenomeno kaltegarriak prebenitzeko ekintzetara, eta beste aktibo batzuetara, hala nola erlauntzak birpopulatzea, transhumantzia arrazionalizatzea, sustatzea eta merkaturatzea, eta produktuak laborategian analizatzea.
Pertsona edo erakunde onuradun bakoitzak jasoko dituen laguntzen zenbatekoa % 100era irits daiteke aholkularitza- eta prestakuntza-jardueren kasuan, laborategiko analisien kasuan eta sustapenaren eta merkaturatzearen kasuan; eta % 90era, aktibo material edo immaterialetan egindako inbertsio askotan.