Eraikinak Berritzeko Plan Nazionalen (NBRP) lehen zirriborroa 2025eko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu behar da, eta, haiek prestatzeko, Buildings Performance Institute Europe (BPIE) izeneko irabazi-asmorik gabeko Europako erakundeak inkesta bat egin du. Inkesta horren helburua da erraztasunak ematea Eraikinen Energia-efizientziari buruzko Zuzentaraua (EPBD) Europar Batasuneko estatuetan ezartzeko.
Ekintza hori BPIEren konpromisoaren parte da, erakundearen asmoa baita Eraikinen Energia-efizientziari buruzko Zuzentarauaren transposizioan eta ezarpenean laguntzea. Araudiaren arabera, eraikin berri guztiek isuririk gabeko eraikinak izan beharko dute hemendik 2030era, eta Europar Batasuneko parke eraikiak zero isurpena izan beharko du hemendik 2050era.
Inkestaren helburua da estatu kide bakoitza egiten ari den aurrerapenaren eta ekintzen berri jasotzea, bereziki NBRPa prestatzeko kontsulta publikoei eta plana idazteko prestaketa-prozesuari dagokienez. Ekimen honek aukera emanen du plan horien ezarpenean estatuetan izandako aurrerapena ulertzeko, erronka posibleak aldez aurretik detektatzeko eta herrialdeen artean jardunbide egokiak partekatzeko.
Galdetegiak aukera anitzeko galderak, baloraziozko galderak eta erantzun irekikoak dauzka, eta 2025eko abuztuaren 31ra arte egonen da zabalik. Galdetegia betetzeko gehienez 15 minutu behar direla kalkulatzen da. Ekimen honen bidez, BPIEk laguntza eman nahi du Europan eraikin efizienteagoak, irisgarriagoak eta jasangarriagoak egon daitezen, Europar Batasunaren klima- eta energia-helburuak lortze aldera.