Batzordeak kontsulta publiko bat abiarazi du, bidaien eta turismoaren sektoreetako BEZaren arauak eguneratzeko. Helburua da EBko merkatuaren distortsioak sortzen dituzten eta lehiakortasuna mugatzen duten araudi zaharkituak zuzentzea.

Bidaiak eta turismoa funtsezkoak dira; izan ere, EBko BPGaren % 10 inguru dira, eta milioika pertsona enplegatzen dituzte, batez ere enpresa txiki eta ertainetan (ETEak). BEZaren arauak eguneratzea funtsezkoa da lehia leiala ezartzeko, burokrazia gutxitzeko eta zergak helburu digitaletara eta jasangarritasun-helburuetara egokitzeko.

Alderdi interesdun nagusiei (estatu kideak, ETEak eta herritarrak oro har) dei egiten zaie bidaia-agentzien eta bidaiarien garraio-zerbitzuen gaineko BEZaren sistemaren aldaketei buruz dituzten ideiak helarazteko. Kontsulta honetan egindako iruzkinak lagungarriak izanen dira legegintza-proposamen bat prestatzeko 2026an, ziur aski.

Kontsultak bi eremu nagusi ditu: lehena, bidaia-agentzien BEZaren araubide berezia, egungo zerga-arauek marjina eta kokapena baitituzte oinarri. Horrek inkoherentziak sortzen ditu, eta abantaila bidegabeak ematen dizkie EBkoak ez diren operadoreei. Bigarren eremua bidaiarien garraioaren gaineko BEZaren arauei dagokie. Haietan, zergak kalkulatzeko, EBren barnean egindako distantzia hartzen da kontuan. Horrek zama bat dakarkie operadore txikiei, eta desberdinkeriak sortzen ditu garraio moduen artean.

Parte-hartzaileek iruzkinak egin ditzakete EBko hizkuntza guztietan eskuragarri dagoen online galdetegi baten bidez, eta iritzia eman dezakete Batzordearen «Have your say» plataformaren bidez. Kontsultak 12 aste iraunen du, eta eztabaida gehigarriak aurreikusi dira; besteak beste, bilerak eginen dira ordezkariekin eta enpresa taldeekin.

Informazio gehiago