EBk eta Moldaviak akordio bat lortu dute, EBren eta Moldaviaren arteko Merkataritza Aske Zabal eta Sakoneko Zonaren (ZLCAP) merkataritza-baldintzak berrikusteko eta eguneratzeko. Hori urrats garrantzitsua da merkataritza-harreman egonkorra, iraunkorra eta orekatua eraikitzeko, bereziki Moldaviak EBn sartzeko bidean aurrera egiten duen heinean.

Akordio eguneratuaren helburua da Moldaviak Europari begira dituen anbizioak babestea eta, aldi berean, EBren interesak kontuan hartzea, beste merkataritza-akordio batzuk islatuz.

Moldaviako esportazio gehienek dagoeneko ez dute muga-zergarik, EBren eta Moldaviaren arteko Elkartze Akordioarekin bat; hala ere, berrikusitako gaiek aukera gehiago ematen dizkiete bi aldeei, kontuan hartuta, halaber, nekazaritza-sektore jakin batzuen alor sentsibleak.

Bestalde, Moldaviak adostu du EBko nekazaritza-esportazio jakin batzuen sarbidea hobetzea: txerriaren eta etxeko hegaztien haragirako kupoak handituko dira, eta izozturiko haragi hezurgabearen, esnearen eta gurinaren muga-zergen kontingente berriak ezarriko dira.

Moldaviako produktuak merkatu berrian sartzen ahalko dira baldin eta Moldavia pixkanaka EBko ekoizpen-arauetara egokitzen bada, besteak beste, pestiziden erabilerari dagokionez. Ikuspegi hori koherentea da Moldavia EBn sartzeko prozesuaren logikarekin eta Erkidegoaren ondareari atxikitzearekin.

Bi alderdiek babes-mekanismo bat aktibatzeko aukera izanen dute, neurri egokiak hartu ahal izateko baldin eta inportazioek kalteak eragiten badizkiote haietako bati. EBren kasuan, estatu kide baten edo batzuen mailan ebaluatzen ahalko da ea nahasmenduren bat dagoen.

Akordioan aurreikusita dago 2027an berrikuspen bat egitea. Hartan, kontuan hartuko da nolako aurrerapena egin duen Moldaviak EBn sartzeko, zenbateraino dagoen integratua haren merkatua EBren merkatuarekin, adostutako merkataritza-kuoten zer ehuneko erabili den, eta nolako bilakaera izan duen ekoizpen- eta inportazio-ahalmenak. Halaber, bi alderdien interesak eta alor sentsibleak kontuan hartuko dira. 

Informazio gehiago