Batzordeak gomendio bat egin du enpresa txiki eta ertainentzat (ETEak), jasangarritasun-txostenak borondatez aurkezteko. Gomendio horren bidez borondatezko arau bat argitaratu da, Jasangarritasun korporatiboko txostenak aurkezteari buruzko Zuzentarauaren eraginpean ez dauden ETEek errazago erantzun ahal izateko finantza-erakunde eta enpresa handiek jasangarritasunari buruz egiten dizkieten informazio-eskaera espezifikoei.

ETEendako borondatezko estandarra (VSME) EFRAG erakundeak garatu zuen; hots, jasangarritasun-txostenak aurkeztearen arloan Batzordeari aholku ematen dion erakunde teknikoak. ETEei jasangarritasunari buruzko informazioa eskatzen dieten enpresa eta finantza-erakunde handien kasuan, Batzordeak gomendatzen die eskaera horiek borondatezko estandarrean oinarritu ditzatela. ETEek ere jasangarritasunari buruzko informazioa borondatez aurkezten ahal dute finantzaketa jasangarria errazago eskuratzeko eta jasangarritasunaren arloan nolako jarduera duten hobeki ulertzeko eta gainbegiratzeko, erresilientzia eta lehiakortasuna hobetze aldera.

2025eko otsailaren 26an, Batzordeak “Omnibus I” sinplifikazio-paketea onetsi zuen, eta haren bidez proposatu zuen soilik 1.000 langiletik gorako enpresa handiei aplikatzea jasangarritasun-txostenak aurkezteko beharra, Jasangarritasun korporatiboko txostenak aurkezteari buruzko Zuzentarauaren araberakoa. 1.000 langile edo gutxiago dituzten enpresentzat, Batzordeak proposatu zuen txostenak borondatez aurkezteko arau bat onestea, eta, horretarako, gaur egindako gomendioan oinarrituko da. Txostenak borondatez aurkezteko arau horrek balioko du, halaber, gehieneko muga bat ezartzeko balio-katean, eta Jasangarritasun korporatiboko txostenak aurkezteari buruzko Zuzentarauaren arabera txostenak aurkezteko betebeharrik ez duten ETEak eta beste enpresa batzuk babestuko ditu horrela, balio-kateko bazkideek ez baitiete gehiegizko informazio-eskaerarik eginen.

Horrenbestez, gomendioa tarteko irtenbide bat da merkatuaren eskariei erantzuteko, borondatezko arau baten gainean eskuordetutako egintza formalki onartu arte. Eskuordetutako egintzak ez du zertan gomendioaren eduki bera izan. Legegileek zer abiaduratan eta zer emaitzarekin burutzen dituzten “Omnibus I” proposamenari buruzko negoziazioak, horrek zehaztuko du noiz onetsiko den araua.

Informazio gehiago