Kontseiluak EBren legegintzako egintza bat onetsi du, mugak kudeatzeko Sarrera eta Irteera Sistema (SES) digital berria pixkanaka martxan jartzea ahalbidetuko duena sei hilabeteko aldian.
SESek EBren kanpo mugetako kontrolen eraginkortasuna hobetuko du. Sistema berriak digitalki erregistratuko ditu iraupen laburreko egonaldietarako EBko estatu kide batera lekualdatzen diren hirugarren herrialdeetako nazionalen sarrerak eta irteerak, pasaporteko datuak, hatz markak eta aurpegi irudia.
Arau berriei esker, hala nahi duten estatu kideek mailaka ezartzen ahalko dute SES sistema 180 eguneko epean; beste batzuk, berriz, lehen egunetik hasten ahalko dira sistema erabat erabiltzen.
EBko herrialde guztiek pertsona guztien erabateko erregistroa lortu behar dute, datu biometrikoak barne, sei hilabeteko aldia amaitu baino lehen.
Trantsizio aldia amaitu arte, estatu kideek bidaia dokumentuak eskuz zigilatzen jarraituko dute.
Estatu kideek SESaren erabilera erabat edo partzialki eteten ahalko dute muga batzuk zeharkatzen direnean salbuespenezko egoeretan (adibidez, trafikoaren intentsitateak itxaronaldi oso luzeak eragiten dituenean).