Euroeskualdeko Batzorde Betearazleak, kide dituen hiru gobernuetako ordezkariek osatutakoak, Euroeskualdeko herritartasunaren proiektuen 2025eko deialdian hautatu direnak onetsi ditu.
Akitania Berriaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren arteko mugaz haraindiko 7 lankidetza proiektu finantzatuko dira, ia 500.000 eurorekin. Hiru aldeko zenbait partzuergok 46 hautagaitza aurkeztu dituzte, eta horien artetik hautatu dira 19 proiektuak, kulturaren, kirolaren, hezkuntzaren, gazteriaren, eleaniztasunaren eta egungo erronka sozialen eremuetan.
Gazteak estrategiaren erdigunean jartzean, Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa Euroeskualdeak berretsi egiten du mugaz haraindiko ondarea balioztatzeko konpromisoa, zeina Euroeskualdearen identitate partekatu eta inklusiboaren funtsezko zutabea baita. Proiektu horiek guztiek 500.000 € inguruko finantzaketa orokorra dute, hiru lurraldeetako bazkideen artean banatua, eta arreta berezia jartzen dute aniztasun geografikoan, elkarlaneko hurbilketetan eta belaunaldien arteko inpaktuan.
2025ean lagundutako 19 proiektuak honela banatzen dira:
- 8 proiektu kultural, barnean hartzen dituztenak sorkuntza artistikoa, ikus-entzunezko lanen hedapena, ondarearen balorizazioa eta memoria partekatua;
- 4 proiektu hezkuntzaren eta gazteriaren esparruan, oinarri dituztenak eskola trukeak, hizkuntza egonaldiak, sorkuntza kolektiboa, zientzia eta teknologia;
- 3 proiektu, gaur egungo erronka sozialei buruzkoak, elikagaien segurtasunarekin eta hiri logistika jasangarriarekin lotutakoak;
- 2 kirol proiektu, saskibaloiaren eta euskal pilotaren ingurukoak;
- 2 proiektu, eleaniztasunera berariaz bideratutakoak trukeen eta hizkuntza bitartekaritzako ekintzen bidez.