Europako Batzordeak pozik hartu du Kontseiluak Errusiaren aurkako 18. zehapen sorta onestea, herrialdearen gaineko presioa areagotzeko eta EBk Ukrainarendako bake bidezkoa eta iraunkorra lortzeko duen helburua babesteko.

Neurri berriak oinarrizko bost elementutan oinarritzen dira: Errusiaren diru-sarrera energetikoak murriztea, Errusiako banku sektorea kaltetzea, haren arlo militar-industriala are gehiago ahultzea, saihestearen aurkako neurriak indartzea eta Errusia erantzule egitea haur ukrainarren eta kultura ondarearen aurkako krimenengatik. Sorta horrekin, Errusiaren itzalean dagoen flotaren zerrendan 444 ontzi daude guztira, eta banakako zerrendak 2.500 baino gehiago dira. Sorta horrek Bielorrusiaren aurkako zehapen berriak ere jasotzen ditu.

Hemezortzigarren sortak funtsezko elementu hauek ditu:

ENERGIA NEURRIAK

  • Petrolio gordinaren prezioaren muga 60 dolarretik 47,6ra murriztea, eta mekanismo automatiko eta dinamiko bat sartzea etorkizunean berrikusteko. Sistema berriak bermatuko du muga beti % 15 txikiagoa izanen dela aurreko sei hilabeteetan Uraletako petrolio gordinak izan duen merkatuko batez besteko prezioa baino. Horren eraginez, bai operadoreendako aurreikusgarritasuna, bai Errusiako diru-sarrera energetikoen gaineko beheranzko presioa sortuko dira.
  • Transakzioak debekatzea Nord Stream 1 eta 2 gasbideetarako: horrek esan nahi du EBko operadore batek ere ezin duela parte hartu Nord Stream gasbideei buruzko ezein transakziotan.
  • Errusiako petrolio gordinetik eratorritako petrolio produktu finduak inportatzeko debekua: horrek berekin dakar Errusiako petrolio gordinaz atzerrian prozesatzen diren eta EBra entregatzen diren produktu finduen inportazioak zigortzea. Horrela, eragotzi eginen da Errusiako petrolio gordina EBko merkatura edozein modutan iristea.
  • ontzi gehigarrien 105 zerrenda; horrek esan nahi du Errusiaren itzalean dagoen flotako 444 ontzi EBko zerrendan daudela orain. GNLko hiru zisterna ontzi zerrendatik kendu dira, ontzi horiek konpromiso irmoa hartu baitute Errusiako energia Yamal eta Arctic 2 proiektuetara garraiatzeko orduan parte ez hartzeko. Zerrendan ageri diren ontziek portuetara sartzeko debekua eta zerbitzuak jasotzeko debekua izanen dituzte. Nabigatzeko egokiak ez diren petrolio ontzi horien zerrendekin batera, EB harremanetan dago estatu bandera-emaileekin, ontzien erregistroek petrolio ontzi horiek haien banderapean nabigatzea eragozten dutela bermatzeko.
  • Zerrenda osoak (aktiboak izoztea, bidaiatzeko debekua) itzaleko flotaren balio kate osoan. Zerrenda horiek zuzenduta daude Errusiako enpresei nahiz itzaleko flotako ontziak kudeatzen dituzten nazioarteko enpresei, Errusiako petrolio gordinaren merkatariei eta itzalean dagoen flotaren bezero garrantzitsu bati: Indiako findegi bat da, eta Rosneft du akziodun nagusia. Lehen aldiz, itzalean dagoen flotako ontzi bateko kapitain bat ere izendatzen ari gara, baita bandera erregistro ireki bateko operadore bat ere. GNLren Errusiako sektoreko entitate bat ere sartuta dago gaur egungo zerrendetan.

Informazio gehiago