Teresa Ribera presidenteorde exekutiboak, Trantsizio Garbi, Bidezko eta Lehiakorrerako arduradunak, Europako interes komuneko proiektu garrantzitsuen (PIICE) aplikazioari buruzko elkarrizketa bat izanen du Madrilen.
Elkarrizketa horretan Europa osoko gobernu-agintaritzetako, enpresa handietako eta ETEetako 25 ordezkarik parte hartuko dute. Ordezkari horiek zuzenean inplikatuta daude 2018tik onartutako hamar proiektu integratuetakoren batean.
Parte-hartzaileek Estatuko laguntza-tresna hori aplikatu den zazpi urteak aztertuko dituzte, eta zerk funtzionatu duen ongi eta zer hobetu daitekeen eztabaidatuko dute. Helburua da PIICEen irisgarritasuna eta eraginkortasuna handitzeko modua aurkitzea, EBn hazkundea, enplegua eta lehiakortasuna bultzatzeko. Elkarrizketak ETEak izanen ditu ardatz bereziki.
Aplikazioari buruzko elkarrizketak Europako Batzordeak EBko politiken aplikazioa eta sinplifikazioa errazteko alderdi interesdunei kontsulta egiteko hartutako konpromisoaren parte dira. Europako Batzordearen 2024-2029 aldirako aplikazioari eta sinplifikazioari buruzko jakinarazpenean adierazten den bezala, Komisarioen Elkargoko kide guztiek aplikazioari buruzko bi elkarrizketa izaten dituzte urtean, gutxienez.
Hau izanen da Ribera presidenteorde exekutiboaren lehen elkarrizketa.
Bidaia horren esparruan, Ribera presidenteordeak 2024-2025 ikasturteko klaustro akademikoan ere parte hartuko du, FIDEn, ekainaren 30ean (astelehena). Uztailaren 1ean (asteartea), Andaluziako Doñanako Parke Nazionala bisitatuko du, Ingurumen, Erresilientzia Hidriko eta Ekonomia Zirkular Lehiakorreko Europako komisario Jessika Roswallekin batera.
Ondoren, presidenteordeak gonbidatu berezi gisa parte hartuko du International Development Finance Club (IDFC) zuzendaritza-bileran, Latinoamerikako Garapen Bankuak (CAF) antolatua, Sevillan. Azkenik, Nicholas Sternekin bilduko da, Ekonomia eta Gobernuko IG Patel irakaslea eta Londresko Ekonomia eta Politika Zientzia Eskolako (London School of Economics and Political Science) Klima-aldaketari eta Ingurumenari buruzko Grantham Ikerketa Institutuko presidentea.