Plazaolako Bide Naturala irisgarriagoa da pertsona guztientzat Irurtzun eta Leitza arteko lau zatitan, azken hilabeteetan egindako egokitzapen-lanen ondoren.
Gainera, Lekunberriko Turismo Informaziorako Bulegoa dagoen eraikina berritu da, Kantina hartzen duena, eta orain eraginkorragoa da isolamenduari eta energia-kontsumoari begira.
Foru Gobernuak 520.000 euro inbertitu ditu bi jarduketen artean, Europako Nextgen-EB funtsetatik etorritako finantzaketarekin, Espainiako Gobernuak kudeatzen duen Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez.
Turismoko zuzendari nagusi Ana Rivasek asteazken honetan inauguratu ditu Iruñea eta Donostia lotzen zituen trenbide zaharretik oinez edo bizikletaz ibiltzea errazten duen turismo-baliabide horretan irisgarritasuna hobetzeko egindako obrak.
Jarduketak Turismo Zuzendaritza Nagusiaren estrategiaren parte dira, Nafarroa helmuga irisgarri eta inklusibo gisa ezartzeko eta pertsona guztiendako turismoa bultzatzeko eta sustatzeko.
Jardunaldia eta inaugurazio ofiziala Lekunberriko tren-geltoki zaharraren inguruan egin dira. Bertan, desgaitasuna duten pertsonen hainbat taldek hartu dute parte, hala nola COCEMFEk, ANFASek, Nafarroako itsuentzako kirol-klubak, ASORNAk eta EUNATEk.
Era berean, bide berdea igarotzen den udaletako ordezkariak, Plazaolako Turismo Partzuergoa, Cederna-Garalur Elkartea, beren zerbitzuak hobetzeko interesa duten turismo-sektoreko profesionalak eta Nafarroako Gobernuko Irisgarritasuneko Unitate Arduradunaren ordezkariak bertaratu dira.