Nafarroak “LIFE NAdapta Topaketak” egin ditu, Foru Komunitatean klima-aldaketara egokitzeko garatu diren konponbideak herritarrei hurbiltzeko.
Esparru horretan, Iruñeko Sarasate pasealekuan parte hartzeko jardunaldien lehen zikloa eginen da gaurtik larunbatera bitartean, eta publiko guztiarentzako jarduerak antolatuko dira, hala nola hitzaldiak, erakusketak eta escape-room bat.
Topaketa horiek 2025ean zehar programatu dira, eta akabera emanen diote Foru Komunitateak 2017an abian jarri zuen LIFE-IP NAdapta-CC proiektu europarrari. Proiektu horren bidez, 8 urte hauetan, Nafarroa klima-aldaketara egokitzeko hainbat neurri aztertu eta ezarri dira, funtsezko sei eremutan egituratuta: hiri-plangintza, uraren kudeaketa, osasuna, basoak, nekazaritza eta abeltzaintza eta monitorizazioa.
Ostiralean, hilak 28, 12:00etan, Teresa Ferrer Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) Ingurumen Osasuneko Ataleko buruak klima-aldaketak osasunean duen eraginari buruz emanen duen bigarren hitzaldia eginen da.
Larunbatean, hilak 29, 12:00etan, Arnaitz Fernandez fisikari, meteorologo eta EITBko eguraldiaren aurkezleak eguraldiaren eta klimaren arteko ezberdintasuna azalduko du eta klima-aldaketan jokoan dagoena azalduko du.
Jarduera guztietan parte hartzea doakoa da. Escape-roomek, edukiera dela eta, aurretiko izen ematea eskatzen dute.
Europako LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren helburua da modu integratuan ezartzea Nafarroan klima-aldaketara egokitzeko estrategia. 2017an hasi zen, eta 2025era arte egonen da martxan. 15,6 milioi euroko aurrekontua du guztira, eta haren % 60 Europar Batasunak finantzatu du LIFE programaren bidez.