Europako Batzordeak iragarri du Irisgarritasunari buruzko Europako Legea (EAA, ingelesezko siglen arabera) indarrean jarriko dela.

Lege horrek, ekainaren 28tik aurrera, irisgarritasun-baldintza komunak ezarriko ditu EB osoan produktu eta zerbitzu jakin batzuetarako. Egun horretatik aurrera, gailu elektronikoak, banku-zerbitzuak, jakinarazpen elektronikoak, 112a eta garraio publikoa irisgarriak izan beharko dira desgaitasuna duten pertsonentzat.

440 milioi europarretatik, 100 milioik desgaitasuna dute. Irisgarritasunari buruzko Europako Legearen helburuak honako hauek dira, besteak beste: egunero aurre egin beharreko oztopoak murriztea, gizartean bete-betean parte har dezatela sustatzea —ekipamendu informatikoetarako sarbidea eta laguntza-teknologien erabilera erraztuz—, eta mugikortasun handiagoa lortzen laguntzea.

Legeak irisgarritasun-betekizun komunak ezartzen ditu produktu eta zerbitzu jakin batzuetarako, hala nola: letra-tamaina egokia eta testua ahots bihurtzeko funtzioa autozerbitzuko ordainketa-terminaletan eta gailu adimendunetan. Horrek operadore ekonomikoendako arauak sinplifikatuko ditu.

112 larrialdi-zenbakiak komunikatzeko zailtasunak dituzten pertsonei aukera eman behar die denbora errealean ahots, testu edo bideo bidez komunikatzeko. Bestalde, kutxazain automatikoek interfaze irisgarriak eta multisentsorialak izan beharko dituzte ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat, eta altuera-baldintza jakin batzuk bete beharko dituzte gurpil-aulkien erabiltzaileek eta altuera txikiko pertsonek errazago erabil ditzaten. Online operazioek eta banku-zerbitzuen kontratazioak ere irisgarriak izan behar dute.

Garraio publikoko sistemen operadoreei dagokienez, geltokien eta haien zerbitzuen irisgarritasunari buruzko informazioa eman beharko dute. Geltokietako informazio-pantailek eta informazioa —hala nola ordutegiei edo txartelen erosketari buruz— ematen duten webguneek edo aplikazio mugikorrek irisgarritasun-baldintzak bete beharko dituzte.

Legeak, halaber, irisgarritasun-baldintzak jasotzen ditu telefono, ordenagailu, liburu elektroniko, merkataritza elektronikoko plataforma, telebista eta audio- eta bideo-erreprodukzioko sistemetarako. Horrez gain, desgaitasunari eta irisgarritasunari buruzko nahitaezko gaikuntza eskatzen die zerbitzu-hornitzaileei.

Europako Batzordeak Irisgarritasunari buruzko Europako Legea aplikatzen lagunduko die estatu kideei. Horretarako, aldizkako bilerak eginen dira herrialde bakoitzeko gai orokor eta espezifikoei heltzeko.

Informazio gehiago