Estatu kideetako ordezkariek (Coreper) agindu bat onartu zuten Europako Parlamentuarekin Europako Defentsa Industriaren Programa eta defentsa-produktuen eskuragarritasun eta hornidura egokiak bermatzeko neurrien esparrua (EDIP) ezartzeko proposamenari buruzko negoziazioak hasteko.

EDIPen helburua EBko defentsa-industriaren prestakuntza hobetzea da, Europako Defentsako Base Teknologiko eta Industrialaren (EDTIB) lehiakortasuna eta segurtasun-egoera aldakorrak eskatzen dituen egiturazko aldaketetara egokitzeko gaitasuna indartzearen bidez. Zehazki, EDIPek defentsa-erosketen arloko lankidetza bultzatuko du, defentsa-industriaren hornidura-kateen egokitzapen-gaitasuna hobetu eta bizkortuko du, mugaz gaindiko lankidetza erraztuko du, fabrikazio-gaitasunak handituko ditu eta defentsa-produktuak ekoizteko epeak murriztuko ditu; horrela, dauden gaitasun-gabeziei aurre eginen die. Gainera, Ukrainako Defentsako Base Teknologiko eta Industriala berreraikitzen eta modernizatzen lagunduko du, etorkizunean EDTIBn integratzeko.

EDIPen bidez, EBk 1.500 milioi euroko dirulaguntzak emanen ditu 2027ko abenduaren 31ra arte. Aurrekontu horretatik, Europako Defentsa Industriaren Programak («Programa») 1.200 milioi euro jasoko ditu guztira, eta Ukrainari laguntzeko tresnak 300 milioi euro.

Informazio gehiago