Errepideko garraio jasangarriaren lehiakortasuna sustatu eta babesteko, Europako Batzordeak zero emisioko ibilgailu astunak bidesarietatik eta tasetatik salbuestea proposatu du, azpiegitura erabiltzeagatik.
Automobilaren Europako Sektorerako Ekintza Industrialeko Planean hitzeman zen bezala, Batzordeak proposatu du egungo salbuespen-aldia luzatzea 2025eko abenduaren 31tik 2031ko ekainaren 30era. Horrek pizgarri esanguratsua dakar enpresek zero emisioko ibilgailu astunetan inbertitu dezaten.
Ibilgailu horien hasierako kostua, gaur egun, homologo konbentzionalena baino handiagoa da, eta, beraz, ez dira hain erakargarriak erosleentzat. Hori da, oraindik ere, gehiago hedatzeko oztopo nagusietako bat. Bidesarietatik eta erabilera-tasetatik salbuestearen bidez, EBk zero emisioko kamioi eta autobusak aukera bideragarriago bihurtu nahi ditu enpresentzat.
«Baldintza egokiak sortu behar ditugu Europako enpresei laguntzeko eta ekonomia hipokarboniko bateranzko trantsizioan aitzindari direnak saritzeko», adierazi du Apostolos Tzitzikostas Garraio Jasangarri eta Turismoko komisarioak. «Salbuespen-aldia luzatzearen bidez, enpresa-pizgarri handia ematen ari gara industriak zero emisioko ibilgailuetan inbertitzeko eta errepideko garraioaren emisioak murrizteko. Garrantzitsua da gure enpresentzat, baina baita helburu klimatikoei begira ere».
Proposatutako salbuespen-aldia EBk ibilgailu astun berrietarako CO2 isurien arloan dituen portaera-arauekin sinkronizatuko da. Helburua emisioak % 43 murriztea da 2030erako.